Burubio Kulturguneko kontzertuak eten dituzte eta elkartea atsekabetuta dago Udalaren komunikazio moduengatik

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 24a, 09:30

Su ta Gar taldea Burubioko oholtzan. / Aiaraldea.eus

Elkarteko kideek adierazi dute Amurrioko Udalaren jakinarazpena "kasualitatez" jaso zutela eta ondorio larriak ekarri ahal zituela konturatu ez izana, lokalaren itxiera bera barne.

Burubio Kulturguneko kideak atsekabe daude egun hauetan, larunbatean aurreikusita zuten kontzertua bertan behera utzi behar izan zutelako eta zuzeneko emanaldiak eten behar izan dituztelako, momentuz. 

Edonola ere, hori ez da euren ondoezaren arrazoi nagusia, baizik eta Amurrioko Udalak erabili dituen komunikazio bideak erabaki horretarako: "Ostiralean gure kideetako bat, kasualitatez, Burubion zegoelarik heldu zen jakinarazpena. Justu une horretan berak notifikazioa jaso izan ez balu, postontzian utzi izango luketeen, eta auskalo noiz begiratuko genukeen. Horrek, gerora, arazo larriak ekarri ahal zituen. Izan ere, larunbatean polizia agertu zen inguruetatik".

Elkarteko kideen ustez, "poliziak lokala itxi ahal zuen eta ondorio larriak ekarri. Izan ere, hemen kontzertuetaz gain jarduera gehiago daude: entsegu lokalak, ikastaroetarako lokalak. Eta horrez gain, isuna jasotzeko arriskua zegoen. Ez dira horren kontziente izan eta horrek tristura sortu digu".

Larrialdiko irteera eta komunikazioa

Berez, Burubio Kulturguneko kudeatzaileek ez dute zalantzan jartzen itxieraren arrazoia eta ulertzen dute: "Txosten tekniko batek adierazten du lokalak bigarren irteera bat behar duela, larrialdietarako, eta hori konpontzeko bidea topatu behar dugu. Arazoa da gaur egun ez dakigula zehazki zer egin behar dugun kontzertuak eskaintzeko, Udalak ez digu zehaztu".

Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da Amurrioko Udalaren prentsa zerbitzuak eta horrek berretsi dio tokiko erakundeak ezin diola baimenik eman Burubiori kontzertuak egiteko larrialdi eta sute araudia ez duelako betetzen: "Bigarren irteera bat behar dute eta ez dago modurik eraikitzeko. Arabako Suhiltzaileak ere egon dira han proposatzeko nola eraiki bigarren irteera bat ez dute asmatu."

Etsipena sortu diena erabakiaren kudeaketa izan da: "Amurrioko Udalarekin harreman bizia dugu. Udalak aitortzen du gure jarduera eta, esaterako, ikastaro batzuk hemen eskaintzen dira. Harreman ona eta bizia daukagu teknikariekin. Esaterako, aste honetan Kultura eta Jai teknirakiekin bildu behar ginen gure hitzarmenaren eta jaien inguruan hitz egiteko. Horregatik ez dugu ulertzen zergatik ez digun udalak berk jakinarazi beste modu batean, zuzenean, kontzertuak egiteko baimenik ez genuela. Ez dauka zentzurik gure azpiegiturak erabiltzea, adibidez, argazkigintza ikastaroak hemen egiteko, eta gero horrelako erabakiren berri ez ematea".

Informazioa hedabideengatik

Egunek aurrera egin ahala, gainera, sentsazioak okerrera egin du. "Hedabide batean irakurri dugu alkatearen ahotik atzeko partean larrialdiko irteera jartzea ez dela posible, eskailera bat erabili beharko genukeelako eta horrek ez duelako ahalbidetzen ebakuazioa. Lehenengo aldia da horrelakorik entzuten dugula, iruditzen zaigu zintzotasun falta egon dela Udalaren aldetik hau kudeatzeko orduan eta horrek harridura sortzen digu", ziurtatu du kideetako batek.

2016an irekita

Hainbat bazkideren ekarpenarekin ireki zuten Burubio Kulturgunea 2016an eta azken urteetan euskal musika talde ugariren erreferentea bilakatu da tokia. Esaterako, Zea Maysek bertan probatu zuen bere azken diskoaren zuzenekoa eta Berri Txarrakek bere agur biran txertatu zuen. Horrez gain, Durangoko Azokarekin ere kontzertuak antolatu ditu. Entseguetarako lokalak ere baditu, Amurrioko eta eskualdeko taldeentzat.

Erlazionatuak

Burubio Elkartea: zuzeneko musikaren arnasgune

Aimar Gutierrez Bidarte 2023 api 18 Amurrio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide