Ate joka dago Amurrioko Gaztetxearen 10. urteurreneko jaialdia. Abenduan iragarri bezala, egun osoko egitarauarekin ospatuko dute urtarrilaren 20an Gazte Asanbladako kideek espazio autogestionatuaren ibilbidea.
Musika eskaintza zabala izango da eguneko protagonista nagusia. Besteak beste, Brigade Loco, Streetwise eta Cuatro Bancos taldeak igoko dira Gaztetxeko oholtzara. Musika jartzaileak ere ez dira faltako, eta herriko zenbait gaztek hartuko dute festa-giroa ordu txikiak arte luzatzeko ardura: DJ Truetox, DJ Ona eta DJ Guda tarteko.
Sarrerak salgai
Hain zuzen ere, Amurrioko Gazte Asanbladako kideek sarrerak jarriko dituzte kontzertuak ikusteko. Neurri honekin, espazio autogestionatuaren edukiera eta jaialdira bertaratzen den jendearen segurtasuna bermatu nahi dute gazteek.
Bihar jarriko dituzte salgai lehenengo 150 sarrerak, 17:00etan. Gaztetxean bertan eskuratu ahalko dira, borondatearen truke. Pertsona bakoitzak sarrera bakar bat erosi ahalko du. Halaber, urtarrilaren 20an ere beste 200 sarrera jarriko dituzte salgai.
Hamar urteko ibilbidea
Hainbat okupazio saiakeren eta mobilizazioren ostean, duela hamar urte (2014an) aurkeztu zuten Amurrioko gazteek Gaztetxearen proiektua, San Jose auzoko kultur etxean. Geroztik, auzoko beste hainbat elkarterekin elkarbizitzan, hamaika proiektu eta egitasmo burutu dituzte espazio autogestionatuaren barruan; entsegu, argazkilaritza edo ikasketa gelak kasu.