ELAk, LABek eta ESANek leporatu diote Amurrioko alkateari enpresa batzordeko ordezkari bat apropos kaltetzea

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 26a, 14:30

ELA, LAB eta ESAN sindikatuetako kideak.

Sindikatuek adierazi dute Lanpostuen Zerrenda bere kabuz aldatu duela alkateak eta horrekin enpresa batzordean dauden bi ordezkari kaltetu dituela horren jakitun izanda. ELAk, LABek eta ESANek zabaldutako oharrean kritika gehiago egin dituzte.

Atzoko aurrekontuen onarpenarekin, udal beharginen Lanpostuen Zerrenda ere aldatu zuten tokiko erakundean. Berez, alkateak proposatu zuen eta udalbatzaren gehiengoa ados egon zen. Sindikatuek adierazi dute erabaki horrekin  enpresa batzordeko kide baten lanpostua kaltetu dela eta gaineratu dute beste ordezkari sindikal bati funtzioak kendu zizkiotela aldez aurretik.

Hori dela eta, ELA, LAB eta ESAN sindikatuek, enpresa batzordean ordezkariak dituztenek, prentsa oharra zabaldu dute salatzeko, euren ustez, Txerra Molinuevo alkateak apropos kaltetu duela batzordeko kide bat.

Sindikatuen aburuz, udal buruak erabaki horiek hartu ditu kontzienteki: "Bi komitekide hauekiko alkatearen jarrera oldarkor hau duela 4 urteko kontua da. Bi delegatu hauek Amurrioko Udalak lanpoltsa baten kudeaketan, bertako partaide guztiak Udalak berdin tratatu ez zituela salatzeko asmoa agertu ziotenean. Geroztik, alkateak bere langileak diren bi pertsona hauekiko erabateko mespretxua adierazi du".

Horrela, enpresa batzordeko ordezkari bati "emailez jakinarazi zioten ordura arte bere lanpostuan betetzen zituen zeregin teknikoetako batzuk ez zituela aurrerantzean bete beharko".

Beste langileari dagokionez, Zerbitzu Soziokulturalen Kudeatzaile postua kendu (Euskara, Hezkuntza, Elkarbizitza eta Osasuna arloak kudeatu ditu, jerarkikoki 11 funtzionari zituen bere ardurapean eta udal aurrekontuaren 1,5 miloi euro kudeatu ditu, aurrekontuen %10) eta euskara teknikari izendatu dute. Horrela, 300.000 euroren kudeaketa eta langilerik ez du izango hemendik aurrera.

Enpresa batzordeak salatu du langile horrek bi oposizio gainditu zituela lanpostu hori eskuratzeko eta etorkizunean Lanpostuen Zerrenda berria egiten bada, ez diote aitortuko 19 urtez egindako lana ezta ahalegina ere, soldata ez badiote jaitsi ere.

Horrez gain, azpimarratu dute alkateak Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak egindako eskaeraren aurrean -euskara teknikariaren plaza ez amortizatzeko-, "aspalditik begiz jota zuen ordezkari sindikalaren koordinatzaile lanpostua teknikari soil izendatzeko degradazio aukera hau aprobetxatu duela".

Alkateak berak azaldu zien sindikatuei koordinatzaile guztiak teknikari soilak bilakatu zirela, baina langile ordezkariek argudiatu dute beste teknikariek ardurak mantendu edota handitu dituztela.

Salaketa gehiago

Enpresa batzordeak kritika gehiago jaso ditu bere oharrean. Garrantzitsuenak dira 35 urte igaro direla Amurrion Lanpostuen Zerrendaren balorazioa egin gabe -inguruko udaletan egin arren- eta alkateak egiten dituela bere kaxara, batzordearen iritzia aintzat hartu gabe.

Bestalde, ELAk, LABek eta ESKk aipatu dute langileen arteko azken barne sustapenak ez duela bete araudia eta negoziaziorik ez dagoela langile batzordearekin. Are gehiago, sindikatuek ziurtatu dute alkateak berak hautatutako langileek mesederako baino ez direla aldaketak.

Esparru ekonomiko hutsean, sindikatuek adierazi dute aurretiko erretiroen prima gabe geratu direla langileak, epaileek horrela erabakita. "Foru Aldundiek -Amurrioko Udalean gobernatzen duten alderdiek, alegia- hori konpontzeko tresnak abiatu dituzten arren, Amurrioko Udalak ez du egin, eta hurrengo urteetan langileen % 20ak erretiroa hartuko du".

Aiaraldea Komunikabidea udal gobernu taldearekin jarri da harremanetan bere iritzia jasotzeko, baina erakundeak azaldu du ez duela adierazpenak egingo gaiari buruz. Edonola ere, sindikatuen eta alkatearen arteko tentsio agerikoa izan zen atzo, aurrekontuen eztabaidan LAB sindikatuari egotzi baitzion EH Bilduko udal taldea kontrolatzea.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide