Lurrazpiko aparkalekua eraikiko dute Aldai kaleko aparkalekua dagoen orubean

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ots. 27a, 10:04

Mugikortasunari lotutako hainbat proiektu ditu Udalak mahaigainean. / Aiaraldea.eus

Aldai kaleko aparkalekua lurrazpiko batekin ordezkatzeko asmoa du Amurrioko Udalak. Tokiko gobernuak 2023-2027 Agintaldi Planaren barruan aurkeztu du proiektua.

Aldai kaleko aparkalekua ordezkatzeko asmoa du Amurrioko Udalak. Egungo orube berdinean lurrazpiko aparkaleku bat eraikitzea da Tokiko Gobernuaren asmoa. EAJk eta PSE-EEk iragan astean aurkeztutako 2023-2027 Agintaldi Planaren barruan bildu dute egitasmoa, datozen urteetan gauzatzeko asmoz.

Aldai kaleko aparkalekuak ehun ibilgailurentzako espazioa du gaur egun, eta etorkizuneko lurrazpiko proiektuak beste hainbesterentzako tokia izango luke. Proiektuak, halaber, libre utziko luke aparkalekuak gaur egun okupatzen duen orubea, bertan beste proiektu batzuk garatzeko aukera ahalbidetuz.

Mugikortasunari lotutako obrak

Honakoa ez da mugikortasunaren arloan Amurrioko Udalak esku artean duen proiektu bakarra. Epaitegien inguruan 55 plazako aparkaleku bat eraikitzeko proiektuak aurrera jarraitzen du. 2021ean Eusko Jaurlaritzak Elexondo kaleko 1.900 metro koadroko lursaila lagatu zion tokiko gobernuari, 52.872,28 euroren truke, azpiegitura hori garatzeko. Honezkero abiatu dituzte horri lotutako zenbait lan, Lucas Rey kaleko egokitzapena, tartean. Halaber, aparkaleku honen kontrako ahotsak azaldu dira ere; Aiaracompost taldeak sinadura bilketa bultzatu zuen, adibidez.

Azkenik, Agintaldi Planean jaso bezala, autobus geltoki berria eraikitzeko lanei hasiera eman diete honezkero. Araba kaleko biribilguneko markesina kendu, eta Amurrio Antzokiaren aurrean geratuko dira autobusak aurrerantzean, errepidearen bi noranzkoetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide