Duela urtebete adierazi zuen Ibai Ruizek lehiaketa profesionalak uzteko asmoa zuela, baina egoera guztiz aldatu da urtebetean. Udan Thailandian Muay Thaiko pare bat borroka irabazi zituen eta gero sortu zitzaion ISKA Iberia txapelketa irabazteko abagunea.
Gauzak horrela, 2024. urtea ere proiektu eta erronka berriekin hasi du amurrioarrak. Lehenengo hitzordua martxoaren 17an izango da, Thailandiako Rajadamnern Stadium-ean, hain zuzen. Herrialdeko azpiegiturarik zaharrena da eta munduko Muay Thai kirolari onenen kontra lehiatuko da Ruiz bertan. Borrokalariak adierazi du saiatuko dela historia egiten elitearen aurrean eta bidaia finantzatzeko kamisetak jarri ditu salgai gimnasioan, 17 euroren truke.
WKL gerrikoa
Abentura hori gutxi izango balitz, maiatzaren 3an Pelayo Palacios asturiarraren kontra neurtuko da Ruiz La Casillan, Bilbon. Kasu horretan WKL gerrikoa egongo da jokoan eta K-1eko norgehiagoka profesionala izango da, hau da, hiru minutuko bost round-ekoa.
Iazko egoera eta egungoa alderatuta, "dena da posible", amurrioarraren aburuz.