'Bizkarsoro' filma, Amurrioko Korrika Kulturaleko protagonista

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko mar. 12a, 17:11

Korrikaren 23. edizioa ate joka dago, eta ekimenari ongi etorria egiteko asmoz hainbat ekintza antolatu dituzte Amurrion; Bizkarsoro filmaren proiekzioa barne.

Ostegunean abiatuko da Korrikaren 23. edizioa Irundik, eta bi astez zeharkatuko ditu Euskal Herriko errepideak. Bi mila kilometroren ostean, martxoaren 22an bisitatuko du euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Aiaraldea. Itxaronaldia arindu eta motorrak berotzen hasteko, hainbat ekimen prestatu dituzte Amurrioko AEK euskaltegiak eta Korrikaren aldeko batzordeak.

Bizkarsoro Amurrio Antzokian

Bizkarsoro filmaren proiekzioa izango da Korrika Kulturalen ekintza nagusietako bat. Martxoaren 14an eskainiko dute ikus-entzunezkoa Amurrio Antzokian, 18:00etan. Auzolanean ekoitzitako filma da Bizkarsoro. Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean dago kokatuta eta XX. mendeko hainbat unetan girotutako bost istorio ditu ardatz. Filmak euskararen eta honen transmisioaren gaineko gogoeta egitea dute xede.

Gaiari helduta, zineforuma egingo dute Amurrio Antzokian bertan, proiekzioaren. Zineforuma girotzeko, udalerriko hiru euskaldun zahar elkartuko dituzte, Aiaraldean euskaraz hitz egiterakoan izandako bizipenak bertatik bertara ezagutzeko.

"Egitasmo honekin gure hizkuntzaren galera jazarpen historikoaren ondorioa dela aldarrikatu nahi dugu", azaldu dute hitzorduaren antolakuntzan dauden Udaleko Euskara Saileko kideek, "hala, euskara gure kulturaren muina dela eta hura babestea gizarte osoaren ardura dela ulertzen dugu, nagusiengandik jasotako tresna gure gazteei helarazi ahal izateko, hau da, kultur transmisioa bermatzeko".

Ekintza gehiago

Bestelako jarduerak ere egingo dituzte Korrika Kulturalaren barruan. Martxoaren 14an bertan Babiora txangoa egingo dute, 9:30ean Juan Urrutia Plazatik abiatuta. Martxoaren 18an bermut eta likoreei buruzko ikastaroa eskainiko dute; eta hurrengo egunean Korrikako petoak poltsa nola bilakatu irakatsiko du Casilda Marañonek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide