Atzo iragarri zuen ofizialki Francisco Irazustak Tubos Reunidoseko zuzendari eta administrazio kontseiluko kide izateari utziko ziola. Hala jakinarazi du enpresak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari helerazitako oharraren bidez. Bertan azaltzen denez, "erronka profesional berriari" helduko dio Irazustak, "nazioarteko konpainia batean".
Irazustak berak zehaztu duenez, jaso duen eskaintza oso garrantzitsua da berarentzat zein bere familiarentzat. "Abentura berri bat abiatzea erabaki dugu eta horregatik hartu dut erabaki hau", adierazi du zuzendariak, eta aldarrikatu du Tubos Reunidosen egoera hobetu egin dela bera sartu zenetik.
Nabarmendu duenez, "konbentzitua" dago Tubos Reunidos gai izango dela bere "anbizio handiko Plan Estrategikoa" aurrera ateratzeko, "kontseilua zein zuzendaritza taldea" egiten ari diren "lan apartari" esker.
Abuztuaren 31n utziko du Irazustak kargua ofizialki, eta Emilio Ybarra Aznar presidenteordeak hartuko du bere lekukoa behin behinean, ordezkoa izendatu arte.
Halaber, Tubos Reunidosek iragarri du Carlos Lopez de las Herasek zuzendari orokor gisa jarraituko duela, eta bere "ezagutza sakona" eskaintzen jarraituko duela "produktuari, merkatuari zein enpresaren gainontzeko esparruei dagokionez".
Hiru urte zuzendaritzan
Hainbat mugarri izan ditu Tubos Reunidosek 2020an Irazusta zuzendari izendatu zutenetik. Bere zuzendaritzapean jaso zituen enpresak 112 milioi euro Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatetik (SEPI).
Ordutik hona nabarmen hobetu dira enpresaren emaitza ekonomikoak. Aurten adibidez, iaz lortutako irabaziak gainditzea lortu du dagoeneko, 50 milioi euroko mozkin garbiak eskuratuta.
Baina langileen artean askoz gorabeheratsua izan da azken urteetako bilakaera. Pandemia garaian enplegua erregulatzeko aldi baterako espediente ezarri ostean, Trapagarango altzairutegia itxi eta Amurriora eraman zuten 2021ean, bidean enplegua suntsituz.
Horrez gain, talka ugari egon dira baita lan hitzarmenaren negoziazioan ere; eta horri gehitu behar zaio hilabete hasieran jakinarazi zen albistea: enplegua erregulatzeko aldi baterako espediente berria abiatu nahi duela enpresak, ekoizpen eta antolakuntza arrazoiak argudiatuta. 848 langilerengan izango du eragina neurriak.