Ezker Abertzaleko familia baten etxebizitza tirokatu zuen polizia nazional ohia epaituko dute ekainaren 11n

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 15a, 17:20

Tiroaren ondorioz bala bat sartu zen etxeko sukaldean, bertan bi lagun zeudelarik. / Aiaraldea.eus

Polizia ohiak onartu zion Ertzaintzari berak egin zuela tiro eta agenteek legez kanpoko hainbat arma atzeman zizkioten etxean. Akusazio partikularrak 13 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatuko du armak eta lehergailuak gordetzeagatik eta kalteak eragiteagatik. Fiskaltzak, ordea, 7 urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egin du gerra armak biltzeagatik.

Bost urte eta erdi igaro ondoren, Lezaman gertatutako tiroketaren epaiketa izango da ekainaren 11n. Hain zuzen, polizia nazional ohi bat eseriko da akusatuen aulkian Ezker Abertzaleko familia baten etxearen kontra tiro egiteagatik, familiako hiru kide barruan zeudelarik.

Bala sukaldean sartu zenean, bi lagun zeuden barruan. 13 urte eta erdiko espetxe zigor eskaera egin du akusazio partikularrak eta 7 urte eta erdikoa fiskalak

Edonola ere, akusazio partikularrak egingo duen eskaeran, kalteak izango dira gutxienekoa -hilabeteko espetxe zigorra-. Berez, 7 urte eta 6 hilabeteko eta beste 6 urteko espetxealdia exijituko dituzte armak alde batetik eta lehergailuak bestetik biltzeagatik. Izan ere, hainbat arma eta lehergailu topatu baitzituen Ertzaintzak bere etxea miatzean.

Fiskaltzak bide beretik joko du, baina kalifikazio bakarrean batu ditu biak eta gerra armak gordetzeagatik 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatuko du. Halaber, 10 urte eta erdiz arma baimena debekatzea ere jaso du.

Gertakariak: tiro bat etxean, familia barruan zegoenean

2019ko urtarrilaren 6an bere militantziagatik ezaguna den Ezker Abertzaleko familia batek pistola baten tiroa jaso zuen etxeko sukaldean, bi senide gela horretan zeudenean. Hori 10:30ak aldera gertatu ondoren, bi ertzain bertaratu ziren, 9 milimetroko bala jaso eta ikerketa abiatu zuten.

Akusatuak bere parte hartzea ukatu zuen hasieran

Tirokatutako etxebitza ikuskatu ostean, polizia nazional ohiaren etxera joan ziren ertzainak, hau da, tiroa jaso zen lekutik 400 metro eskasera. Akusatuak azaldu zien Ertzaintzako kideei tiroa entzun zuela, baina bera ez zela egilea izan.

Ertzainek suzko armarik ote zituen galdetuta, akusatuak erantzun zuen baietz eta armairu batean zuen eskopeta bat erakutsi zien. Hala ere, pistolak gordetzeko baliatzen diren bi kutxa ikusi zituzten agenteek. Une horretan inputatua saiatu zen erdian jartzen, baina ertzainek sumatu zuten antzeko kalibreko hainbat munizio zegoela eta konfiskatu zuten.

Lehenengo miaketa batean 9 milimetroko 191 bala topatu zituen Ertzaintzak, horietako 27 legez kanpokoak ziren arrazoi anitzengatik

Horrez gain, horman beste hiru arma luze identifikatu zituen Ertzaintzak, eta baita zenbait obus ere. Akusatuak berak emanda, ertzainek 9 milimetroko 191 bala eraman zituzten. Horietako 27 legez kanpokoak ziren: hiruk mozketak zituzten, sei manipulatuak zeuden (jaurtigairik gabekoak ziren, baina norbaitek bala jarri zien) eta beste 18 punta hutsekoak ziren (munizio mota hori ez da legala).

Atxikoleta eta aitorpena

Urtarrilaren 7an polizia nazional ohia bisitatu zuen Ertzaintzak berriro eta horrek bere bertsioari eutsi zion, berretsiz ez zuela zerikusirik tiroketarekin.

Ordea, urtarrilaren 10ean ertzain gehiago agertu ziren bere etxean eta akusatuak onartu zuen tiroaren egilea zela eta gertakariari buruzko hainbat azalpen eskaini zituen. Jarraian, modu boluntarioan, agenteak gidatu zituen erabilitako armaren ezkutalekura: bere etxean zegoen zulo natural bat, harriekin estalitakoa. Arma Star markako 9 milimetroko pistola luzea zen, eta akusatuak ez zuen hori izateko beharrezko baimenik.

Urtarrilaren 10ean polizia nazional ohiak onartu zuen tiroaren egilea zela eta arma non zegoen erakutsi zion Ertzaintzari

Gauzak horrela, agenteek atxilotu zuten eta deklarazioa hartu zioten. Gainera, etxebizitza prezintatu eta gero miatu zuten, arrastatuaren baimenarekin.

Armategi bat etxean

Etxea miatzean, Ertzaintzak arma mordoa topatu zuen barruan, eta horiek guztiak izateko baimenik ez zuen polizia nazional ohiak. Gainera, batzuk manipulatuta zeuden, eta beste batzuek ez zuten identifikazio markarik.

Munizioaren aldetik, kalibre ezberdineko 400 bala zenbatu zituzten agenteek; hori bai, zenbatzeari utzi baino lehen, askoz gehiago aurkitu zituzten eta.

Etxea miatzean hainbat arma eta lehergailu aurkitu zituzten ertzainek

Hori guztia gutxi balitz, hiru kilo bolbora baino gehiago konfiskatu zituen Ertzaintzak, eta gerra material ugari (bonbak, besteak beste). Azkenik, erabilgaitz bihurtutako arma pilo ere aurkitu zituzten. 

Epaiketan tiroa jaso zuen familiak eta ertzainek ez ezik, lehergailuetan adituak diren Ertzaintzaren eta Guardia Zibileko zenbait peritok parte hartuko dute .

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide