LAGUNTZA ELKARTEA

“Errealitatea da apirilean Amurrioko 95 familiek ez dutela elikagairik jasoko, eta inork ez du ezer egingo”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko api. 2a, 10:30

Mertxe Guillen Vaquera, Adela Bravo Perez eta Marisa Fernandez Pallas, Laguntza elkartearen arropategian. / Aiaraldea.eus

Laguntzako kideak dira ADELA BRAVO PEREZ (Amurrio, 1954),  MERTXE GUILLEN VAQUERA (Amurrio, 1971) eta MARISA FERNANDEZ PALLAS (Urduña, 1949). Elkarteak martxoan itxi ditu ateak, Udalak proiektuaren aurrekontu berria finantzatzeari uko egin ostean. 

Duela hiru aste jakinarazi zenuten Laguntza elkartearen bere ibilbidea amaitutzat emango zuela. Zerk bultzatu dizue erabaki hori hartzera?

Adela Bravo Perez: Erabiltzaileen balorazioetan datza arazoa. Beharrezkoa da erabiltzaileen balorazio ekonomiko bat egitea eta Arabako Elikagai Bankuak eskatzen du lan hori gizarte langileek egitea. Elkartean ez genuen horrelako profilik, eta Udalera jo genuen orduan, herriko elkarte bat garelako. 

Orduz geroztik, hainbat etapetatik igaro gara. Gizarte zerbitzuetatik beti esan zaigu ez zela euren lana hori egitea. Gero esan ziguten zaurgarritasun ziurtagiri bat emango zigutela. Hori da nahi genuena: familiak zaurgarriak zirela zioen ziurtagiri bat lortzea. Baina ziurtagiri hori emateko egon ziren denboran gure erabiltzaile kopurua bikoiztu egin zen, eta ikusi genuen ezin genuela horrela jarraitu. 

Mertxe Guillen Vaquera: Egiten ari zirena bazen familien zaurgarritasunaren ziurtagiri bat, baina ez balorazio ekonomiko batean oinarrituta, hori zenean elikagai bankuak eta guk geuk eskatzen geniena. Egon gaitezke familia desegituratuak, adikzio arazoekin… zaurgarriak direnak, baina baliteke elikagaiak jasotzeko ekonomikoki zaurgarriak ez izatea. Zaurgarritasun ziurtagiria ematen zieten pertsona guztiak bidaltzen zituzten hona eta hemendik elikagai bankura eramaten genituen. Denak jo zuen gora: familia kopurua asko handitu zen eta ikusi genuen zeozer gertatzen ari zela. Etorri ziren familia batzuk lehenago kanpoan geratu zirenak, egin genuen baremoa gainditzen zutelako. 

A.B.P.: Udalari esan genion orduan ezin genuela horrela jarraitu, ez genuelako baliabiderik eta zerrenda inolako arrazoirik gabe puzten ari zelako. Alkatetzatik esan ziguten, horrek balio ez bazuen, guk kontratatu ahal genuela norbait balorazio horiek egiteko eta gero diru-laguntza emango zigutela hori ordaintzeko. Modu egokia iruditu zitzaigun, eta horrela lan egin genuen 2023ko bigarren seihilekoan. Lan asko egin zen eta ia 200 familiari egin zitzaien berriz balorazioa.  

M.G.V.: Balorazio ekonomikoa egin behar izan genien berriro familia guztiei, ikusteko ea baldintzak betetzen zituzten edo ez. Lan handia izan zen.

“Jaso genuen tratua ez zen ona izan. Ordura arte ez genuen lortu Udalak balorazioen afera bere gain hartzea, baina ekintza sozialaren arloa eramaten zuen pertsonaren tratua beti izan zen ona, ordura arte”

A.B.P.: Modu horretan, 200 familiatik 100 artatzera igaro gara, lehen bezala. Gurekin lan egiten zegoen pertsonak urrian esan zigun abendutik aurrera lana utziko zuela. Orduan, azaroan Udalera jo genuen, datorren urterako aurrekontuaren aurreikuspenarekin. Une horretan aldaketa eman zen Udalean, hauteskundeen ostean, eta sekulako itxitasunarekin egin genuen topo. Garestiegia zela esan ziguten, baina pentsatuko zutela. Orduan ikusi genuen bi aldeen arteko komunikazioa birrintzen ari zela. 

M.G.V.: Horrez gain, jaso genuen tratua ez zen ona izan. Ordura arte ez genuen lortu Udalak balorazioen afera bere gain hartzea, baina ekintza sozialaren arloa eramaten zuen pertsonaren tratua beti izan zen ona, ordura arte. Lan boluntarioa egiten dugu, eta sumatu genuen guk eginiko lana pikutara bidaltzen ari zirela, eta gaizki sentiarazi gintuen horrek. 

A.B.P.: Elikagai bankuei beti leporatu zaie “gosearen ilarak” izatea. Ez dakit zer nahiago duen jendeak, ilara egin edo gosea pasatzea. 

Udalak proposatu egin zizuen Gurutze Gorriarekin hitzarmen bat egitea, modu horretan erabiltzaileen balorazioak erakunde horren esku geratzeko. 

M.G.V.: Gure aurrekontuari ezezkoa eman ziotenean esan ziguten beste aukera batzuk baloratuko zituztela, baina ez zigutela aurrekontu hori inola ere ez emango. 

A.B.P.: Gu haien atzetik egon ginen hortik aurrera, zer egingo zuten galdetzeko.

M.G.V.: Euren atzetik ibili behar izan ginen…

A.B.P.: Gurutze Gorriarekin bilera egingo zutela, gero bilera hori atzeratu zela…

“Udalak bazuen luzapen horren berri, bazekien martxora arte utziko zigula elikagai bankuak banaketak egiten balorazio berririk egin gabe”

Bien bitartean, zuek lanean jarraitzen zenuten?

M.G.V.: Aurretik eginiko balorazioekin jarraitzen genuen, eta hiru hilabeteko luzapena eskatu genion elikagai bankuari. Udalak bazuen luzapen horren berri, bazekien martxora arte utziko zigula elikagai bankuak banaketak egiten balorazio berririk egin gabe. 

A.B.P.: Pertsona etorri berrien kasuan argi zegoen sartuko zirela, ezer gabe zetozelako. Baina badago beste jende bat bere garaian elikagaiak jasotzen zituena, gero jasotzeari utzi ziona eta orain, egoera ekonomikoak okerrera egin duenez, berriz jasotzea eskatu duena. Horretarako bai da beharrezkoa balorazio bat egitea, eta ez gara jende hori sartzera ausartu, ezin ditugulako balorazioak egin. 

M.G.V.: Udalak esan zigunean balorazioak Gurutze Gorriak egingo zituela, erakunde horren erantzunaren zain geratu ginen. Denborak aurrera egin zuen eta egun batean deitu ziguten esateko baietz, Gurutze Gorriak balorazioak bere gain hartuko zituela eta bertatik deituko gintuztela bilera bat egiteko. 

A.B.P.: Hori izan zen azken albistea. Otsailaren amaieran WhatsApp mezu bat bidali genien esateko Gurutze Gorritik ez genuela deirik jaso. Orduan esan genien martxoan egingo genuela azken banaketa aurretik albisterik ez bagenuen, hori zelako adostu genuen epemuga. Ez genuen erantzunik jaso. Udaletik orain diote ez zutela gure aldetik inolako komunikaziorik izan, eta ez da egia. Orain diote horrek ez duela balio, ez duela  sare sozialetan argitaratzen dugunak balio, baina hori baliatzen dute gero erantzun bat emateko. 

Zein da egoera une honetan?

M.G.V.: Ez dugu soluziorik ikusten eta Udalarekin dugun komunikazio faltagatik eta harreman txarragatik (beti gaude zain) ixtea erabaki dugu, sare sozialetan jakinarazi dugun moduan.

Nik, pertsonalki, espero nuen Udalak, sare sozialetako gure oharra ikustean, gurekin harremanetan jarriko zela, hori horrela zen ziurtatzeko. Baina ez, prentsa oharra egitera mugatu dira.

Ez dira zuekin harremanetan jarri ordutik hona?

M.G.V.: Une batean ere ez, ez dugu inolako komunikaziorik izan euren aldetik. 

A.B.P.: Ikusten dugu zehaztasun gabezia asko daudela argitaratu dituzten gauzetan. Batzuk mindu gaituzte. Niri pertsonalki asko mindu nau entzuteak gure ezinegona Europako Funts Sozialaren programa berri bategatik datorrela, programa horrek eragingo lukeelako agian gu erabiltzailerik gabe geratzea. Mesedez, gure elkartearen helburua badela existitu behar ez izatea. Asko poztuko liguke erabiltzailerik ez izateak. 

“Ikusi duguna da ez dela egiten dugun lana baloratzen, ez gaituztela nahi”

Ondo ikusten duzue Udalak Gurutze Gorriarekin planteatutako alternatiba?

A.B.P.: Posiblea izango litzateke, bai. Kontua da, zenbat egon beharko ginateke itxaroten? Ikusi duguna da ez dela egiten dugun lana baloratzen, ez gaituztela nahi. Gurutze Gorriarena aukera on bat izan ahalko litzateke, baina ez dakigu ezta zertaz ari diren hitz egiten: urtebeteko hitzarmen batez? Zerbait luzeagoa? Ez digute galdetu ea nola egingo genukeen guk, ezer. Gehiago izan da: “Deserosoak zarete, ba joan hemendik”. 

Marisa Fernandez Pallas: Alde bakarreko negoziazioa izan da, zeinetan ez diguten ezer kontsultatu, abiapuntua izan beharko ginatekeenean. 

A.B.P.: Balorazioez hitz egiten ari gara, baina zehaztasun gehiago jarri behar dugu, eta gu gara  dakigunak zertaz hitz egiten ari garen. 

Martxoan amaituko duzue zuen jarduna. Zer gertatuko da hemendik aurrera?

A.B.P.: Zinegotziak dio elikagai bankuak esan behar duela zer gertatuko den orain familiekin, eta hori ez da horrela. Elikagai bankuak jakiak ematen dizkie baldintza batzuk betetzen dituzten elkarteei, hauek banatu ditzaten. 

“Zinegotziak dio elikagai bankuak esan behar duela zer gertatuko den orain familiekin, eta hori ez da horrela”

Nola funtzionatzen du elikagai bankuak? Eta zer funtzio bete du Laguntza Elkarteak orain arte bertan?

A.B.P.: Elikagai banaketa ez du bankuak egiten, elkarteek baizik. Amurrion Laguntzak soilik egiten du, eta Laudion ez du inork egiten. Elkarteak hitzarmena egiten du bankuarekin, elikagaiak herrira ekartzen dira eta bertan banatzen dira. 
Balorazioen aferagatik etorri da talka. Guri betidanik eman digu lotsa balorazioak egitea. Azken finean, boluntarioak gara, eta jendeari eskatzen diogu gure aurrean biluztea, zenbat kobratzen duen eta dirua zertan gastatzen duen esanez. Udalak, aldiz, sarbide zuzena du datu horietara. Gainera, erabiltzaile askok Udalaren larrialdi sozialetako laguntzak ere jaso dituzte, eta horretarako tokiko erakundeak balorazio bat egin behar izan die. 

“Guri betidanik eman digu lotsa balorazioak egitea. Azken finean, boluntarioak gara, eta jendeari eskatzen diogu gure aurrean biluztea, zenbat kobratzen duen eta dirua zertan gastatzen duen esanez. Udalak, aldiz, sarbide zuzena du datu horietara”

M.G.V.: Beste herrietan udaleko gizarte langileek egiten duten jardun hori, baina Amurrion ez.

Amurrio da salbuespena?

A.B.P.: Elikagai bankuaren arabera, Amurrioko Udala da salbuespen bakarra, eurak elikagaik ematen dituzten tokiei dagokionez. 

A.B.P.: Une honetan, Udalaren partetik jarrera aldaketa bat egongo balitz ere, zail ikusten dut Laguntza berriro abiaraztea. Gauzak batzuk, erortzen direnean, ezin dira berriro altxatu. 

M.G.V.: Sare sozialetan albistea ikustean gurekin harremanetan jarri izan balira edo hurbilketa bat eman izan balute… baina ez dira ezta gurekin harremanetan jarri sare sozialetan argitaratutakoa horrela den jakiteko. 

A.B.P.: Otsailaren 20an esan zitzaien martxoan egingo zela azken elikagai banaketa. Orduan esan beharko lukete zeozer. Baina ez digute ezer esan. 

M.G.V.: Ez dira ezer bideratzen saiatu. Esan digute ez genuela bide ofizialetatik ezer esan, baina guk WhatsApp bidez edo aurrez aurre hitz egiteko ohitura genuen eurekin.

“Une honetan, Udalaren partetik jarrera aldaketa bat egongo balitz ere, zail ikusten dut Laguntza berriro abiaraztea”

20 urteko ibilbidea bete du Laguntza elkarteak. Zer nolako bilakaera izan du bi hamarkada hauetan zehar? Asko aldatu da Amurrioko egoera denbora horretan?

A.B.P.: Egoera asko hobetu da. Lehen zuloak estaltzera mugatzen ginen. Gaur egun, nik uste dut Amurrion beharrizanak daudela, baina goserik ez. Elikagaiak jasotzeak ahalbidetzen die familiei horretara bideratuko zuten dirua beste gauza batzuetara bideratu ahal izatea: haurrentzako eskola materiala, arropa eta abar. Baina ez dut uste dagoenik jendea laguntza hori gabe jan gabe geratuko litzatekeenik. 

M.G.V.: Etorri berriak salbu. Horietako askok ez dute paperik eta, ondorioz, ez dute laguntzak jasotzeko ez beste ezertarako eskubiderik. Gauzak hala, jende horrentzat elikagaien laguntza bai dela funtsezkoa. 

A.B.P.: Guk eskatzen genuen baldintza bakarra bazen Amurrion erroldatuak egotea. Hori izanda, berdin zitzaigun zer paper zuten edo ez zuten. 

Europako Funts Sozialaren programaz hitz egin genezake baita. Programa horrek elikagaiak ematen zituen lehen, baina aurten badirudi funts horrek herrialde guztiei galdetu diela ea elikagaiak edo dirua ematea nahiago duten, eta badirudi Espainiak diruaren alde egin duela. Modu horretan, 100 milioi euro esleitu dizkiote, Gurutze Gorriari eman dizkiotenak tramitatu ditzan. 95 milioi emango ditu txarteletan eta 5 milioi jasoko ditu komisio moduan, kudeaketagatik. 

Laguntza horren bidez, adingabeak euren kargupean dituzten familiek diru bat jasoko dute, oraindik zehaztu gabe dagoen arren zenbat izango den. Hori da, Udalak iradokitzen duenez, agian guri ezinegona sortzen diguna, ulertuta programa horrek egin dezakeela jendeak behar ez izatea guk egiten duguna. 

M.F.P.: Lanik gabe geratuko garela, alegia (barreak). 

M.G.V.: Dena den, hori oso zintzilik dago. Errealitatea da apirilean 95 familiek ez dutela elikagairik jasoko, eta inork ez du ezer egingo. 

A.B.P.: Gero maiatzean badirudi hasiko direla txartel hori ematen, baina ikusteke dago zer baldintzetan. 

M.G.V.: Momentuz ez dago informazio gehiagorik eta, gauzak ze erritmotan doazen ikusita, ez dugu uste horren goiz izango denik. 

A.B.P.: Bukatzeko, argitu nahi dugu Udalari aurkeztu genion aurrekontua urte osokoa zela, aurrekoa sei hilabetetakoa zen bitartean. Horregatik ematen zen igoera lehenengoaren eta bigarrenaren artean. 

“Udalak duen pentsamoldea bada kontu hau gugatik lan egitea dela eta erabiltzaileak gure eta elikagai biltegiaren ardura direla, eta hori ez da horrela”

M.G.V.: Baina horren atzean dagoena bada ea honen aldeko apustua egiten den edo ez. Garestia da, zeren arabera? 9.000 euroko aurrekontu bat Amurriokoa bezalako udal batentzat ez da asko, egin nahi izatean dago gakoa. Badago dirua, kontua da nora bideratzen den. 

Badirudi gure erabiltzaileak baino ez direla, ez Amurrioko herritarrak. Hasieran esaten ziguten ez zutela baloraziorik egingo, ez zutelako Laguntzarentzat lan egingo. Udalak duen pentsamoldea bada kontu hau gugatik lan egitea dela eta erabiltzaileak gure eta elikagai biltegiaren ardura direla, eta hori ez da horrela. Herritarrak dira, Amurrion bizi direnak, eta esango nuke ekintza sozialaren sailak baduela zer esan eta egin esparru horretan. Gu tresna bat baino ez gara, oso ondo funtzionatu ahalko lukeena harreman ona egongo balitz.

A.B.P.: Aipatu beharra dago Laguntza elkartearekin batera, arropategia ere itxiko dela. Bertan arropa jaso eta atontzen dugu, prezio oso sinbolikoetan saltzeko gero.

Modu horretan, jendeak jada erabiltzen ez dituen jantzi eta etxeko tresnak ekarri ditzake, bigarren bizitza bat izango dutenaren jakitun. Ez da edukiontzi batera sartzea bezain hotza. Horrez gain, jendeari aukera ematen dio arropa merke eskuratzeko, eta hori ere bada beste laguntza mota bat. 

M.G.V.: Arropategitik ateratzen zen dirua beti bideratu da elikagai gehiago erostera, biltegitik jasotzen genuena osatzeko. Horregatik, elikagai bilketarik egingo ez badugu, denda honek ere jada ez du zentzurik. 

Bukatzeko, argi utzi nahi dugu ez dugula Udalarekin hika-mikan sartu nahi, baina gure bertsioa plazaratu nahi dugu. Egongo da ulertuko duen jendea, ulertuko ez duena ere… baina  guretzat gogorrena bada apirilean 95 familia janaririk gabe uztea, Udalak ez denean hori ezta planteatzera iritsi.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide