Martxoan iragarri zuen Laguntza Elkarteak bere jarduna etengo zuela Udalak diru-laguntzaren handitzea ukatu ostean. Udalean, aldiz, argudiatu duzue Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatzea dela Laguntza elkartearen eskariak asetzeko biderik egokiena. Zergatik?
Gure zerbitzuetatik ohartarazi ziguten dirulaguntzen bidea ez zela egokia elkarteak bilatzen zituen interesetarako zeren, gainera, beste arazo batzuk ere sortu ahal zizkigun. Hori kontuan hartuta, eta Amurrioko Gurutze Gorriaren instalazioak bisitatu ondoren, elkartearen arazoa konpontzeko beste bide bat ireki zitekeela ikusi genuen. Ildo horretan lan egin dugu udalerriko gizarte-zerbitzuetatik.
"Udalen gizarte-zerbitzuen funtzioen eta eskumenen artean ez dago Hirugarren Sektoreko erakunde baten erabiltzaileen balorazio ekonomikoa egitea"
Elikagaiak jasotzen dituzten pertsonen balorazio ekonomikoa egiteko pertsona bat kontratatzeko handitu nahi zuen aurten Laguntza Elkarteak bere aurrekontua, Arabako Elikagai Biltegiaren baldintza berriak betetzeko. Laguntza elkarteko kideek adierazi dutenez, Arabako Elikagai Biltegiak esan zien Udaletako Gizarte Zerbitzuek betetzen dutela balorazio hori egiteko ardura, Amurrion salbu. Horrela da? Hala bada, zergatik ez du Amurrioko Udalak funtzio hori betetzen?
Amurrioko Udaleko gizarte-zerbitzuetatik ez dugu baloratuko Arabako Elikagaien Bankuak Laguntza Elkarteari helarazi ahal izan diona. Argitu dezakeguna da, elkarteari berari eta Arartekoari esan diogun bezala, udalen gizarte-zerbitzuen funtzioak eta eskumenak zeintzuk diren, eta horien artean ez dago Hirugarren Sektoreko erakunde baten erabiltzaileen balorazio ekonomikoa egitea.
Hori guztia honako arau juridiko hauetan ezarritakoa kontuan hartuta:
- 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.
- 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
- 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
- 185/2015 Dekretua, urriaren 6koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzkoa.
- 385/2013 Dekretua, uztailaren 16koa, Gizarte Bazterketa Baloratzeko Tresna onartzen duena.
- 353/2013 Dekretua, maiatzaren 28koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Fitxa Sozialari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren diagnostiko sozialerako tresnari buruzkoa.
- 8/2018 Foru Dekretua, otsailaren 20ko Foru Gobernu Kontseiluarena, Arabako Lurralde Historikoan gizarte-bazterkeriako egoera aitortzea arautzen duena.
- 14/2022 Legea, abenduaren 22koa, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemarena.
- 6/2016 Legea, maiatzaren 12koa, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarena.
Alde horretatik, eta aurreko guztia kontuan hartuta, ez dut uste Amurriotik beste udal batzuek egiten dutena epaitu behar dugunik. Hori bai, nire lana Amurrioko gizarte zerbitzuak errespetatzea eta babestea da.
Egon da harremanik Laguntza Elkartearen eta Udalaren artean iragan astetik hona? Baduzue asmorik biltzeko?
Elkarteko kideekiko harremana beti izan da positiboa, zuzenean zein telefonoz, eta beti mantendu ditugu informatuta balorazio ekonomikoen arazoa konpontzen laguntzeko ematen ari ginen urrats guztien inguruan.
Zentzu horretan, elkartearen erabakiak ezustean harrapatu gintuen guztioi Udalean. Nola ez, euren erabakia errespetatzen dugu, baina ezin dugu ezer gehiago gehitu, inork ez baitigu modu ofizialean helarazi elkartearen zuzendaritza batzordeak hartutako azken jarrera.
“Elikagaien bankuarekin harremanetan jarri gara zer egingo duten jakiteko, haiek baitziren Laguntza elkartearen bidez lan solidario hori egiten zutenak”
Laguntza elkarteak martxoan egin du azken elikagai banaketa. Orain, nola artatuko dira bertako erabiltzaileak?
Nola ez, hori da udal gizarte zerbitzuek oraintxe dugun kezka bat. Horretarako, elikagaien bankuarekin harremanetan jarri gara zer egingo duten jakiteko, haiek baitziren Laguntza elkartearen bidez lan solidario hori egiten zutenak.
Gure aldetik, adierazi behar dugu berrikuspen sakon bat egiten ari garela beharrizan-egoeran dauden familientzako dirulaguntzen udal-programa hobetzeko eta, ahal bada, handitzeko. Programa hori Udalak finantzatzen du funts propioekin, eta gure udalerrian muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden familiei oinarrizko premiak asetzen zaizkiela bermatzea du helburu.
Era berean, Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programari egiten dion ekarpena handitzeko beharra ikusi dugu, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak EAEko udalei urtero egiten dizkien esleipenak nahikoak ez direlako.
Eta, azkenik, zeharkako programak sustatu nahi ditugu, helburu moduan hartuta pertsonak euren komunitatean zaintzea, euren integrazio soziala autonomiarekin bermatzea, zaintza sozialen zeharkako politika integral baten ikuspegitik.
Zentzu horretan, Gurutze Gorriarekin, elikagai bankuarekin edo beste erakunderen batekin udal moduan lankidetzarik egitea aurreikusten duzue sortu daitezkeen beharrei aurre egiteko?
Noski. Izan ere, Hirugarren Sektoreko erakunde horiekin edo beste batzuekin lan egiten dugu eskatzen diguten guztiarekin, eta beti bilatzen ditugu alternatibak bidean sor daitekeen edozein zailtasunen aurrean.
Europako Gizarte Funtsaren Oinarrizko Programa ere laster jarriko dela martxan aipatu zenuten Udalaren oharrean, eta horrek aldaketak ekarriko dituela Laguntza bezalako elkarteen eta elikagai biltegien funtzionamenduan. Noiz aurreikusten da programa hori martxan egotea eta zer nolako aldaketak ekarriko ditu Amurriora?
Europako Gizarte Funtsaren Oinarrizko Laguntza Materialaren Plusaren Programa (“Oinarrizko” programa) apirilean abiaraztea aurreikusi da hasiera batean, eta egoera ahulenean dauden pertsonen gabezia materialaren aurkako borrokara bideratuta dago.
Programa horrek aldaketak egin nahi ditu familiei laguntza horien administrazioan, elikagaiak zuzenean emateari utzi eta txanpon-txartelen edo -txekeen bidez funtzionatzera igarotzeko.
Modu horretan, elikagaiak banatzeko modalitatea laguntza-eredu integraletara birbideratuko da, oinarrizko premien estaldura barne hartuta, eta ez alderantziz. Era horretan, normalizazioa, pertsonen autodeterminazioa, eskubideak betetzeko bermea eta duintasuna sustatuko dira.
"Gaur egun ez dugu Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren inguruko berri gehiago. Horregatik, Amurrioko Udalak erabaki zuen Laguntzari 2024rako egindako proposamenak mantentzea, eta hala jakinarazi zitzaien elkarteko kideei urtarrilean"
Eredu berri horretarako trantsizioan, eta urtarrilaren 23ko 93/2024 Errege Dekretuaren arabera, Espainiako Gurutze Gorriak jarriko du abian programa hori 2024an, eta gizarte-zerbitzuek zeregin garrantzitsua izango dute kasuak bideratzeko.
Hala ere, gaur egun ez dugu horren inguruko berri gehiago. Horregatik, Amurrioko Udalak erabaki zuen Laguntzari 2024rako egindako proposamenak mantentzea, eta hala jakinarazi zitzaien elkarteko kideei urtarrilean.
Hala ere, nabarmentzen zenutenez, programa horrek ez ditu Laguntza Elkarteak artatzen dituen pertsona guztiak artatuko, baldintza batzuk betetzen dituzten eta adingabeak euren kargura dituzten familientzat bideratua egongo delako. Beste programa osagarriren bat egin beharko da Udaletik kanpoan geratzen diren pertsona horiek artatzeko?
Lehen esan dudan bezala, udal zerbitzuetan hausnarketa hori bera egiten ari gara eta lanean ari gara inor atzean ez uzteko.
Beste zeozer gaineratu nahiko zenuke?
Azkenik, Amurrioko Udaletik berriro ere eskerrak eman nahi diogu Laguntza Elkarteari egindako lanagatik, bai eta elkartea osatzen duten pertsonei ere, hogei urteetan egindako lan boluntarioagatik.