Dena prest Amurrio Harroren hirugarren ediziorako

Txabi Alvarado Bañares 2024ko eka. 4a, 23:28

Amurrio Harroko kideek informazio puntua jarri zuten duela pare bat aste Juan Urrutia plazaren alboan. / Amurrio Harro

“Lagunarteko ideia” izatetik Amurrioko urteko hitzordu finkoetako bat bilakatzera pasa da LGTBIQA+ harrotasunaren aldeko jaia. 

2022an egin zen lehenbiziko aldiz Amurrio Harro eguna. Herriko hainbat gazte bildu egin ziren jaia antolatzeko, “LGTBIQ+ harrotasuna herrietara eramateko” asmoarekin. Egun osoko egitaraua antolatu zuten, eta herritar ugari batu ziren deialdira:

Ekimenak izandako harrera ikusita, esperientzia errepikatzea erabaki zuten antolatzaileek. Hala egin zuten iaz, eta hala egingo dute aurten ere, larunbat honetan. Modu horretan, “lagunarteko ideia” bezala hasi zena, Amurrioko urteko hitzordu finkoa izatera pasa da hiru urte eskasetan.

Antolatzaileen ustez, “oso garrantzitsua” da horrelako jaialdiak herrietan egotea. Nabarmendu dutenez, “hobekuntzak txertatzen” saiatzen dira urtez urte. “Poliki politiki ikasten goaz, urtero zerbait berria sartuz”, adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari. 

Gauzak hala, zenbait berrikuntza txertatu dituzte aurtengo egitarauan, hezurduraren funtsa bera izaten jarraituko duen arren. 12:00etatik aurrera haurrentzako ginkana eta eskulanak egongo dira. Helduek, aldiz, tortilla txapelketan parte hartu ahalko dute bien bitartean. 14:30ean emango diote saria arrautzopil onenari.

Gainera, pegatina lehiaketako irabazlea ere sarituko dute. Hori izan da, hain zuzen, aurtengo nobedadeetako bat: itsasgarrien diseinu txapelketa egin dute, aurtengo jaiaren logoa hautatzeko. 

Jaia amaituta, hurrengo urteko edizioa prestatzeari ekingo diote antolatzaileek.

Herri bazkariaren ostean emango diote hasiera arratsaldeko txanpari. Bazkalostean bingo travestia egingo dute, La Punka Paka artistak giroturik. 19:00etan, aldiz, urteroko manifestazioa abiatuko dute plazatik, eta ondoren poteoa egingo dute Battuere batukadarekin. 

Gauean, aldiz, drag ikuskizunak eta DJ emanaldiak nagusituko dira, eta 22:15ean zozketa egingo dute. “200 euroko saria dago Izan Amurrioko hainbat komertzio eta tabernetan gastatzeko”, nabarmendu dute. Ondoren, Mecanoren tributuarekin eta DJ Julikarekin emango diote amaiera egun luzeari. 

Eta, behin jaia amaituta, zer? Ba hurrengo prestatzen hasi. “Txantxa dirudi, baina Amurrio Harro amaitu eta hurrengo egunean ekiten diogu hurrengo urteko edizioa prestatzeari”, ziurtatu dute antolatzaileek, “egunaren balorazioa egiten dugu eta hasten gara hurrengo urteko edizioa prestatzen. Egun polita izan eta denetarik egon dadin denbora askorekin hasi behar gara gauzak lotzen, gero kontzertuen prezioak asko igotzen direlako. Hobeto da denborarekin dena itxita izatea”. 

Amurrio Harroko kideek “mundu guztiari” luzatu diote “egun polita” pasatzeko gonbita. “Espero dugu euririk ez egitea eta ez egotea bestelako inolako arazorik”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide