Euskara arlora bideratutako Udalaren aurrekontu osoaren pisu espezifikoak nabarmen egin du behera Txerra Molinuevok (EAJ) aginte makila hartu zuenetik; 2021ean %2,56koa zen eta 2024an aldiz, %1,51koa.
Ehunekoak ez ezik, 2024an euskara arlora bideratuko den diru kopurua iaz baino 33.945,52€ txikiagoa da (%8ko jaitsiera), aurrekontu orokorra 5 milioi euro handiagoa den arren.
Baina zertara bideratzen da dirua euskara arloko aurrekontuan? Nahikoa al da?
2024 urteko aurrekontu hauetan, giza-baliabideetan 86.266 euro inbertituko dira, arloko aurrekontuaren %20. Bigarren diru partida esanguratsua "Oporretan euskaraz" haurrentzako udalekuen diru-partidarena da, 105.744,18 eurokoa, arloaren %24,70 bereganatzen duen jarduera da hau (aurrekontu osoaren laurden bat).
Euskara biziberritzeko baliabide publikoak zertara bideratu behar diren zehaztea, instituzio publikoen eta euskalgintzaren arteko aspaldiko gatazka-ardatza da. Haurrentzako udalekuak Euskara Arloak ordaindu behar ditu euskaraz garatzen direlako?
Euskarazkoak diren kultur-ekitaldiak ere Euskarak ordaindu behar ditu, eta Kulturak gaztelaniazkoak? Udalekuak ez lirateke (inguruko udal gehienetan bezala) gazteria, kultura edo beste arloren baten aurrekontuetatik ordaindu behar?
Arloaren aurrekontu osoaren ia erdia bi lerro horietan xahutzen da beraz, eta euskara biziberritzeko egitasmo zuzenetara, beste erdia.
Eusko Jaurlaritzak gutxienez aurrekontuaren %2a euskara biziberritzeko dinamiketara bideratzea aholkatzen du. Amurrioko Udalaren zenbatekoa horren azpitik dago, are gehiago dirua zehazki zertara bideratzen den aztertuz gero.
Jaurlaritzaren irizpideak
Eusko Jaurlaritzak gutxienez aurrekontuaren %2a euskara biziberritzeko dinamiketara bideratzea aholkatzen du, langile gastuak aintzat hartu gabe. Bide batez, aholku horrek zehazten du euskara arloak 4 langile osoren dedikazioa beharko lukeela (bi euskara teknikari, itzultzaile bat eta trebatzaile bat) Amurrio bezalako udalerri batean, eta udalerri hori ez da 1,5 langilera ere iristen.
Horrek esan nahi du, langile gastuak kenduta, Amurrioko Udalak bere aurrekontu osoaren %1,20a baino ez duela bideratzen hizkuntzaren biziberritzera (341.930 €).
Udalekuak, legokiokeen bezala, beste arlo batek kudeatuko balitu, aldiz, 236.186 eurokoa litzateke euskara biziberritzeko egitasmo zehatzetara bideratutako diru-kopurua: Udal-aurrekontu osoaren %0,82. Jaurlaritzaren gomendiotik oso-oso urruti.
Komunikabideari laguntza
Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari esleitzen zion eta orain kendu dion diru-laguntza, instituzio osoko aurrekontu orokorraren %0,021 zen, eta euskara arloko aurrekontuaren %1,40.
Komunikabideari kendutako laguntza gorabehera, ezinezkoa da baliabiderik gabe Euskara Planak betetzea, euskararen normalizazioan aurrera egitea ezinezkoa da, eskua artean ditugun erronkei aurre egitea ezinezkoa da. Amurrioko Udal Gobernuak ez al du euskararen biziberritzean aurrera-urratsik eman nahi?
Baliabide publikoak txikitu beharrean, handitu eta adituek dioten neurriraino igo beharko lituzkete euskararen biziberritzeari egiazko bultzada bat eman nahi bazaio.