Kevin Iglesias amurrioarrak talde aparta osatu du Sacamantecas filmerako. Izan ere, Antonio de la Torre antzezle andaluziarrak eta Patricia Lopez Arnaiz euskaldunak izango dute protagonismoa pelikulan. De la Torre ezaguna da Que Dios nos perdone, Tarde para la ira edota Los destellos lanetan parte hartu duelako. Hain zuzen, azken horretan Patricia Lopez Arnaiz izan du kide eta Aiaraldean grabatuko den proiektuan ere elkarrekin arituko dira. Lopez Arnaizek ere filmografia luzea dauka eta aipatzekoa da 20.000 especies de abejas filmagatik hainbat sari jaso dituela.
Biak izango dira aurpegi ezagunenak Sacamantecas lanean. Istorioa Juan Diaz de Garaioren krimenak izango ditu hizpide. Izan ere, arabarra da Espainiako Estatuan erregistratutako lehen hiltzaile seriala. Aurreratu dutenez, gidoiaren oinarrietako bat izango da emakumeen kontrako indarkeria.
Delika eta Tertanga
Duela bi aste inguru azaldu bezala, XIX. mendean girotuta dago Sacamantecas, Karlistaldien artean, alegia. Hori dela eta, batailak egongo dira kontakizunean eta milaka figurante kontratatu dituzte. Guztira, 30 toki baino gehiagotara mugituko da taldea eta hautatutako kokapenen artean Delika eta Tertanga daude.
David Perez Sañudo
Filmaren zuzendaria David Perez Sañudo izango da. Une hauetan Azken erromatikoak dauka estreinatzeke, Txani Rodriguez idazlearen eleberriaren moldaketa. Pelikula horretan bezala, euskara izango da hizkuntza nagusia honetan ere.