
Iragan asteburuan Okondon egon eta gero, Amurriora iritsi zen atzo "Kulturartekotasun kafeak" ekimena, Bor-bor Aiaraldeko feminismo elkartearen eskutik. Jatorri ezberdinetako zenbait emakumek parte hartu zuten ekimenean, giro informalean elkar ezagutzeko asmoz.
Udalerrian zein eskualdean sumatzen dituzten beharrak izan zituzten hizpide: alokairu gabezia, harrera zerbitzu baten falta... eta, kezka horietatik tiraka, proposamen ugari jarri zituzten mahai gainean: harrera-zerbitzu bat garatzea, naziotasuna lortzeko prestakuntza eskaintzea, emakumeen artean jarduerak egiteko lokal bat eduki ahal izatea edota helduen ikastetxean haurtzaindegi zerbitzua atontzea, besteak beste.
Hurrengo zitak
Eskualdeko hainbat herritan eskaintzen ari da kafeen dinamika Bor-bor elkartea. Datorren igandean (urriak 27) izango da hurrengo zita Artziniegako frontoian, azaroaren 9an Laudion eta 17an (igandea) Luiaondoko pista estalian.