
Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren igoeraren aurka 2024aren amaieran abiatutako protestei eutsi diete Amurrion. Gaur egin dute urteko lehen elkarretaratzea, eta aurrekoen tankerako harrera izan du, dozenaka lagun bilduz udaletxearen aurrean.
Aurreko mobilizazioetan eginiko aldarriei eutsi diete herritarrek. Izan ere, urte amaieran Udalarekin izandako bilerak ez zituen euren animoak baretu. Gauzak hala, gaur ziurtatu dute protestekin jarraituko dutela. Hain zuzen, datorren astelehenerako (urtarrilak 13) jarri dute hurrengo zita. Bilera irekia egingo dute egun horretan 18:30ean Kultur etxean, "hurrengo urratsak" zehazteko.
Horrez gain, azken asteetan kontu propioak ere zabaldu dituzte Facebook eta Instagram sare sozialetan, deialdi guztien berri emateko.
