Komunikatua plazaratu dute gaur goizean Amurrio, Laudio, Ugao eta Arrankudiaga-Zolloko Mugimendu Feministek Aiara Fest jaialdiaren antolatzaile ohi batek eraso matxista bat egin izanaren salaketaren eta horren ondoriozko prozesuaren harira.
Mugimendu Feministaren papera
Sareetan zabaldutako oharrean, Mugimendu Feministak adierazi du festibala “publiko egin zen momentuan bertan” Aiara Festeko antolatzaileetako batek egindako eraso baten salaketa jakinarazi ziola Amurrioko Udalari, eta “bilera deitzeko exijitu” ziola horren kudeaketa bideratzeko.
Azaldu dutenez, Mugimendu Feministaren papera izan da erasotuaren testigantza “zalantzan jartzen ez uztea, eta erreparaziorako beharrak zeintzuk diren kontuan hartuta festibalaren ardura daukatenei (enpresari eta Udalari, sustatzaile bezala) erantzukizunak eskatu eta neurriak hartzeko interpelazioa egitea”.
Festibala “publiko egin zen momentuan bertan” Mugimendu Feministak Amurrioko Udalari jakinarazi zion Aiara Festeko antolatzaileetako batek egindako erasoaren salaketa.
Bide horretan, azpimarratu dute eurentzat bi ekintza zirela ezinbesteko: lehenbizi, “erasotzailea festibaletik ateratzea eta publikoki agertu izanaren inguruan hausnarketa bat eskatzea” eta bestalde, “festibalari neurriak eta bermeak eskatzea indarkeria matxistaren aurkako lanketa integral eta erreal bat egiteko”.
Urratsak bai, baina ez nahikoak
Aurreko astean iragarri zuten Aiara Fest jaialdiak antolakuntzako kide hori kanporatu zuela. Hortaz, “urrats batzuk ematea lortu” dela adierazi du Mugimendu Feministak.
Dena den, Mugimendu Feministako kideek salatu dute Udalak eta jaialdiko arduradunek ez dutela euren gain hartu "behar den errekonozimendu eta ardura", eta adierazi dute “egoera honen aurrean behar den seriotasun eta argitasunarekin posizionatzea ezinbestekoa dela erreparaziorako bermeak eman daitezen” eta hori “guztion ardura” dela.
Hortaz, Mugimendu Feministaren jarduna balioan jarri dute komunikatuan, eta aldarrikatu dute antolakuntza feminista dutela erramintatzat, “behar indibidualetatik harago ardura kolektiboa hartzeko.”
Lehen adierazpen publikoak
Lehen aldia da salaketa publiko egin zenetik Mugimendu Feministak adierazpenak egiten dituela. Izan ere, oharrean azaldu dutenez, denborak eta urratsak haiek eurek zehaztuz eta “kanpo exijentziarik” onartu gabe egin dute lan azken asteotan.
Mahaigainean jarri dute “antolatutako kideekin batera eta denborak eta espazioak errespetatuz” lan egiteko garrantzia, eta argi utzi dute hori dela jarraituko duten bidea.