Pintaketa homofoboak egin dituzte Amurrioko Dinoisio Aldama kalean dagoen sexu askapenaren aldeko horma-irudiaren gainean. Amurrio Harro kolektiboak eman du erasoaren berri sare sozialen bidez, eta gogor gaitzetsi du ekintza.
"Amurrio Harro elkartetik edozein ekintza homofoboren aurka gaude eta pertsona guztien berdintasunarekiko, errespetuarekiko eta duintasunarekiko konpromiso irmoa daukagu, haien sexu orientazioa bereizi gabe", adierazi dute zabaldutako oharrean. Amurrion inolako diskriminaziorik onartzen ez dutela irmo aldarrikatu dute kolektiboko kideek.
Raisa Alava ilustratzaile amurrioarrak diseinatu eta margotu zuen Dionisio Aldama kaleko horma-irudia, 2022ko Amurrio Harro egunaren baitako egitarauaren barruan.
Ez da kasu isolatua
Amurrio Harroko kideek azpimarratu dute hau ez dela gisa honetako eraso homofoboak herrian jasotzen diren lehen aldia. Urrutira joan gabe, 2024ko ekainean, Amurrioko Juan Urrutia enparantzan LGTBIQ+ mugimenduaren koloreekin margotuta zegoen eserlekuari pintaketa homofoboekin eraso egin zioten.
Eskualdean gehiago izan dira tankera honetako erasoak. Orozkon, Ibaiondo pasealekuan ortzadarraren koloreekin margotuta zeuden altzariak zakil eta svastikekin margotu zituzten 2022an. Herritarrek auzolana egin zuten erasoaren ostean.