Amurrioko 2025eko udal aurrekontuetan ere ez da Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza egongo. Hala erabaki du Udal Gobernuak. Gaur arratsaldeko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da tokiko erakundearen aurtengo plangintza ekonomikoa eta, iaz bezala, ez du Aiaraldea Komunikabidearekin sinatutako hitzarmena kontuan izango.
2024ko maiatzaren 24an jakinarazi zen Amurrioko Udalak 12 urtez indarrean egondako dirulaguntza kendu ziola eskualdeko euskarazko komunikabide bakarrari, egun batetik bestera eta aurretik inolako jakinarazpenik eman gabe.
Berez, Aiaraldea Komunikabideak apirilean jaso zuen albistea, bide ez-ofizialetatik. Hedabideko kideak alkatearekin biltzen saiatu ziren orduan, baina honek uko egin zion horri (gaur gaurkoz, bilera horren eta diru-laguntza kentzearen jakinarazten ofizial baten zain jarraitzen du komunikabideak).
1.700 ahotsi entzungor
Egoera zein zen ikusita, plaza publikora atera zen gaia, eta atxikimendu kanpaina abiatu zen Amurrioko zein eskualdeko eragile zein norbanakoen artean. Arrakasta nabarmena izan zuen ekimenak: aste bakan batzuen bueltan 1.700 atxikimendu jaso zituen euskarazko hedabideen aldeko manifestuak, Amurrioko 500 elkarte zein bizilagun baino gehiagorenak tartean. Kanpaina hori ekainaren 21ean amaitu zen, Amurrioko udaletxearen aurrean eginiko agerraldi jendetsuan.
Aiaraldea Komunikabideak egoera bideratzeko proposamen berria helarazi zion Udalari udazkenean, baina horri ere ez zion erantzun tokiko erakundeak.
Patri Pinedo eskubaloi jokalari ohiak eta Manolo Plazak (Amurrioko Olentzero erretiratu berriak) irakurri zuten manifestua, eta hainbat eskaera egin zizkioten Udalari. Alde batetik, Aiaraldea Komunikabidearekin bilera egitea, bi entitateen arteko elkarlana berriz abiatu eta normalizatzeko, dirulaguntza berrezartzeko eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzeko, “eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz”. Bestetik, “elkarlana estutzea” eskatu zioten udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin, “eragile aktibo” bilakatzeko “euskararen biziberritzearen prozesuan”.
Proposamen berria, erantzunik gabe
Epe bat ere eman zuten horretarako: hiru hilabete, irailaren 21era arte. Baina igaro zen uda, eta Udalak ez zien eskakizun horiei erantzun. Are gehiago, berriro ere uko egin zion gaiaz hitz egiteko bilera bat egite hutsari. Egoera zein zen ikusita, gatazka honetan bitartekari izateko eskera formala luzatu zion Aiaraldea Komunikabideak Josune Irabieni. Irailean izendatu zuten Amurrioko alkate ohia Eusko Jaurlaritzako Euskara Zuzendari, eta horregatik pentsatu zen bera zela pertsonarik aproposena Amurrioko egungo udal gobernuarekin bitartekari lanak egin eta adostasunak bilatzeko.
Bitartekaritza saiakera horrek, baina, ez zuen fruiturik eman. Komunikabideak gatazka bideratzeko proposamen berri bat helarazi zion Amurrioko Udalari azaroan, baina kasu horretan ere ez zen inolako erantzunik egon tokiko erakundearen partetik. Urte berriarekin batera iritsi da Udalaren erantzun bakarra: 2025eko aurrekontuetatik ere euskarazko komunikabideen aldeko dirulaguntza kentzea.