Iragan ostegunean onartu ziren Amurrioko Udalaren 2025erako aurrekontuak. 24.257.794,92 euroko plangintza ekonomikoa izango du tokiko erakundeak aurten. Dena den, diru kopuruetatik harago, badago nabarmentzeko moduko beste kontu bat: lortutako adostasun maila.
Izan ere, Amurrioko Udalean ordezkaritza daukaten talde politiko guztiek (EAJk, PSE-EEk zein EH Bilduk) bozkatu zuten plangintzaren alde.
Lorpen horren garrantzia nabarmendu zuen Txerra Molinuevo alkateak: “indar politiko guztiek Amurrioko ongizatearekin duten konpromisoaren erakusgarri dela” argudiatuta.
Horrez gain, gobernuburuak azpimarratu zuen aurrekontuaren “erdia baino gehiago” bideratuko dela politika sozialetara. “Inor atzean gera ez dadin nahi dugu, eta horregatik indartzen ditugu udal-laguntzak, gehien behar dutenentzako laguntza eta enplegua eta etxebizitza sustatzen dituzten programak", nabarmendu zuen gobernuburuak.
David Romero Ogasun eta Aurrekontu zinegotziak banan-banan azaldu zituen partida guztiak udalbatzan, eta honako hauek nabarmendu zituen, besteak beste:
- Diru-sarrera nahikorik ez duten pertsonentzako udal-laguntzak: 68.000 euro
- Gizarte-larrialdietarako laguntzak: 230.000 euro
- Zeliakia dutenentzako laguntza-lerro berri bat: 10.000 euro
- Amurrioko irabazi-asmorik gabeko elkarte eta erakundeentzako laguntzak: 863.868,13 euro
- Udal Musika Eskola: 806.802,76 euro.
- San Mames Etxea etxebizitza komunitarioa: 404.512,40 euro
- Udal artxiboa digitalizatu eta modernizatzea: 40.000 euro urtean, 2027ra arte
- Enplegua eta prestakuntza sustatzea: 500.000 euro baino gehiago, Eskualdeko Enplegu Programarako 135.000 euro barne.
Horrez gain, Udalak nabarmendu du “hiru milioi euro baino gehiago” baliatuko direla “gobernu onerako, emakumeen ahalduntzerako eta genero-indarkeriaren aurkako babeserako politiketarako”.
Gainera, euskarari lotutako partidetan %5eko igoera eman dela nabarmendu zuen Romerok plenoan, 450.000 eurora iritsiz. Hala ere, kontuan hartu behar da ehuneko hori aurrekontu osoaren %1,8 baino ez dela.
Gainera, Udalak “erabat ukatu” du “euskara-arloa beste teknikari batekin indartzea” edo Aiaraldea Komunikabideari iaz kendutako dirulaguntza berrezartzea, EH Bilduk bilkuran bertan salatu zuenez.
Hain zuzen, Komunikabideko hainbat bazkide eta langile bertaratu ziren udalbatzara azken erabaki hori salatzera. Gaiari buruzko irakurketa zabala plazaratu zuten erregu eta galderen txandan, eta euskarazko komunikabideen alde bildutako 1.700 atxikimenduak entregatu zituzten fisikoki. Udal gobernu taldeak, aldiz, ez zuen inolako erantzunik eman.
Euskarari lotutako afera horiez gain, beste hainbat gauza ere bota zituzten faltan EH Bilduko kideek aurrekontuetan: “udaleko langileen lanpostuen balorazioa, Administrazio Batzarren artean berdintasunezko banaketa-sistema bat, horietako inor diskriminatzen ez duena, eta ortu komunitarioen proiektu bat”.
Gainera, etxebizitza hutsei kanon bat ezartzearen alde ere lerratu zen talde politikoa.
EH Bilduko kideek argi utzi nahi izan zuten udalbatzan onartutakoak ez direla euren aurrekontuak, baina ziurtatu zuten “nabarmen” hobetu direla euren “ekarpenei esker”.
EH Bilduk alde bozkatzeko arrazoiak
Arestian aipatutako desadostasun guztiak gorabehera, orain arte inoiz egin ez duen gauza bat egin zuen oposizioko talde bakarrak: aurrekontuen alde bozkatu.
EH Bilduko kideek argi utzi nahi izan zuten onartutakoak ez direla euren aurrekontuak, baina ziurtatu zuten “nabarmen” hobetu direla euren “ekarpenei esker”. Prentsara bidalitako oharrean zehaztu dutenez, “ia milioi erdi eurokoa da adostutako neurri guztien balioa”.
Etxebizitza eta gazteariaren esparruan lortutako partidak goraipatu ditu talde politiko subiranistak bereziki, “hutsik dauden etxebizitzen plan bat” egitea adostu dutelako, eta 20.000 euro gehiago bideratzea emantzipazioa eta gazteen buru osasuna sustatzea helburu duten politiketara.
Horrez gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan hobariak jasotzen dituzten errenta-tarteak berrikustea lortu dutela gaineratu du alderdiak, “herritar gehiagok jaso ditzaten” horrelako bonifikazioak.
Horrez gain, ondorengo partida eta neurri hauek ere negoziatu dituzte, EH Bilduren esanetan:
- Batzar Administratiboetara %11 gehiago bideratzea .
- %50ean handitzea tokiko enplegua sustatzeko programek irauten duten egunak.
- 18.000 euroko partida espezifiko bat bideratzea Amurrioko Antzokian "ekoizpen propioa" egitera.
- "Lehiatila bakarraren sistema" ezartzea Udalean, "estaldura eraginkorragoa" bermatzeko "herriko elkarteek egin behar dituzten administrazio-izapideen kudeaketan".
- Herriko elkarteei dirulaguntzak emateko oinarriak "argiak" eta "irizpide objetiboekin" ezartzeko konpromisoa.
- Bi azterlan egitea, udalerriko energia-beharrak zehazteko bata eta "energia berriztagarriak ekoizteko plantak instalatzeko kokapen onenak" zehazteko bestea.
- Aresketamendiko naturgunea lehengoratzeko partida ekonomiko bat.
- Kartoizko eta plastikozko atez ateko bilketa-zerbitzua berrezartzea industrialdeko enpresetan, Udalak "duela gutxi" utzi ziolako zerbitzu hori emateari.
- Bi komun publiko autogarbigarri jartzea, Nerbioi parke linealean bata eta Abiagabarri inguruan bestea.
- San Rokera igotzeko errepidea asfaltatzea.
- Laguntzako eta prebentzio psikosozialeko zerbitzua indartzea eta zaintzen arloan "ikuspegi berri batean" lan egitea, "zaintzaileak zentroan jarri eta haiei laguntzeko eta haien eguneroko lanari balioa emateko asmotan".
- Ekintzailetzarako laguntzak ematea "autonomoei eta enpresa txikiei"
- Azterlan bat egitea, ikusteko ea "bideragarria" den premia bereziak dituzten adingabeei laguntzeko pertsona bat kontratatzea.
Bukatzeko, EH Bilduk iragarri du Obra eta Zerbitzuen Foru Planean proposatuko diren proiektuak adostuko dituela Udal Gobernuarekin, nabarmenduta horiek izango direla "hurrengo bi legealdietarako inbertsio garrantzitsuenak".