Ondare Higiezinaren gaineko Zergari buruzko bilera irekia egitea onartu du Amurrioko Udalak

Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 09:35

Herritarren bozeramaile bat plenoan hitz egiten. / Aiaraldea.eus

Horrela jakinarazi zuen alkateak berak azken udalbatzan. Hainbat herritar bertaratu ziren udaletxera euren kexak adierazteko egun horretan.

Ondare Higiezinaren gaineko Zergari buruzko azalpen publikoak eskainiko ditu Amurrioko Udalak, azken udalbatzan adierazitakoaren arabera. Udal osoko bilkuran esandakoagatik, litekeena da otsailaren 10ean izatea bilera irekia, 18:00etan Katekesi Aretoan, baina batzar hori exijitu duten herritarrekin adostu behar dute oraindik.

Izan ere, OHZren igoeraren kontrako mobilizazioak egin dituzten dozenaka amurrioar batu ziren pasa den ostegunean egindako udalbatzan, hainbat galdera egiteko asmoz.

Horren aurrean, alkateak proposatu zien galderak laster egingo den batzar irekirako uztea. Izan ere, udal gobernu taldeko kideek ez ezik, teknikariek ere parte hartuko dute bileran.

Molinuevok berak aipatu zuen bazekitela udalbatzara bertaratuko zirela eta aurretik informatu zituztela bilera horri buruz.

Tentsio uneak

OHZren igoeraren deialdiak antolatu dituzten herritarrek positiboki hartu zuten proposamena, baina, dena den, tentsio momentuak ere bizi izan ziren. Bertaratutako amurrioar batzuek galdetu zioten alkateari zergatik erabaki zuen egitea orain bilera eta ez aurretik. 

Gobernuburuak azaldu zien eskaera ofiziala heldu zitzaiola Herritarren Arretarako Zerbitzutik. Ordea, herritarren bozeramaileak aipatu zuen hasieran ere eskaera bera egin zutela eta ez ziela erantzun. "Zure idazkariarekin ere hitz egin nuen eta berak esan zidan ez zinela gurekin elkartuko", erantsi zuen.

Molinuevok berriro erantzun zuen bilera bat egin zutela eta herritar batek azpimarratu zuen ordubete lehenago deitu zituztela horretarako.

Publikoaren artean "lotsagabe" deitu zioten alkateari eta David Romero Ogasun zinegotziari ere leporatu zioten bilera pribatu horretan adierazi izana berak ez zuela horrelako batzarrik egingo. 

Romerok hitz horiek berretsi zituen eta erantsi zuen, bere ustez, gai horren teknikoak ez direla esparru publikoan eztabaidatu behar, "baina udal gobernu taldean kontrakoa adostu dugu, erabaki politikoa izan da". Herritar batek EH Bilduko zinegotziak ere kritikatu zituen, elkarretaratzeetan ez parte hartzeagatik.

Edonola ere, herritarren eta ordezkarien giro gorabeheratsua ez zen gehiago berotu eta arazo barik amaitu zen Udal Osoko Bilkura.

Gogoratu beharra dago iaz hasi zirela elkarretaratzeak deitzen Amurrion OHZren igoera salatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide