Amurrion eraso matxista bat jazo dela salatu dute, eta elkarretaratzea deitu dute biharko

Erredakzioa 2025ko ots. 10a, 18:29

Bihar egingo dute erasoa salatzeko elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Elkarretaratzea egingo du Amurrioko Emakumeen Sareak bihar 19:00etan. Gizonezko batek emakume bati eginiko erasoa salatuko dute modu horretan: "jarraika izan zuen masturbatzen ari zelarik".

Amurrioko Emakumeen Sareak salatu duenez, beste eraso matxista bat jazo da herrian. "Berriro ere gure herrian eraso matxista bat gertatu dela salatzeko elkartu gara", adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari, "emakume bat kaletik paseatzen zebilela gizon batek jarraika izan zuen masturbatzen ari zelarik".

Erantsi dutenez, indarkeria matxistak jazarpen sexual eta intimidazioaren bidez emakumeen bizitzak baldintzatzen ditu eta nazkatuta daude gorputzak sexualizatzeaz, objektu sexual bezala ikusiak izateaz, eta kalera ateratzen direnean halako egoerak bizitzera ohitu behar izateaz. 

Gogoratu dutenez, astebete eskas pasa da urteko bigarren erailketa matxista salatzera atera zirenetik. Bihar ere hala egingo dute. 19:00etan deitu dute mobilizazioa Juan Urrutia plazan, salatutako azken erasoari erantzuteko. 

Ildo beretik, egungo instituzioen pasibotasuna eta jendartearen konplizitatea jarri dituzte jomugan: "horien ondorioz, urtez urte emakumeon aurkako erasoek ez dute etenik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu". 

Zentzu horretan, eskaera argia luzatu dute: "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan! Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Saretuta gaude, erasoak salatzeko, seinalatzeko eta erantzuteko prest. Antolakuntza feminista delako gure tresna. Lotsa eta beldurra bandoz aldatu dadin, borrkan jarraituko dugu. Autodefentsa feminista!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide