
Gaur Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak jakinarazi die langileei Amurrioko lantegian matxuratutako labea konpondu dutela. Gauzak horrela, larunbat gauean piztuko dute eta asteartean ekoizpena jarraitzeko tenperatura egokia hartzea aurreikusi dute.
Enpresak zehaztu du asteartean hasi zirela konponketak eta labean zeuden interferentziak kentzeko egon direla lanean gaur arte. Halaber, konpainiak azaldu du arazoa otsailaren 9an sumatu zutela.
Tubos Reunidosek eskerrak eman dizkie mantenu eta zerbitzu orokorreko beharginei, zein beste langile eta enpresa azpikontratatuei, matxura aurreikusitako epeen barruan konpondu dutelako.
Enplegua erregulatzeko espedienterik ez
Behin arazoa gaindituta, nabarmendu beharra dago egoerak tirabirak sortu dituela enpresa barruan. Izan ere, zuzendaritzak enplegua erregulatzeko espediente abiatzearekin mehatxatu zuen pasa den astean eta asteartean bertan lortu zuten akordioa sindikatuen gehiengoak eta konpainiak, bete ez diren lanaldiak arautzeko.