Amurrioko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileen “lan-baldintzak duintzeko” eta zerbitzuaren kudeaketa publikoa bilakatzeko borrokan murgildu da LAB, eta bide horretan eman dituen urratsen berri eman du prentsa ohar baten bidez.
Sindikatuaren lehen helburua izan da zentro horretako beharginen lan baldintzak Udaleko langileek dituztenekin parekatzea. Baina horretarako ezinbestekoak dira tokiko erakundearen “borondatea eta inplikazioa”, langile erakundearen aburuz, Amurrioko Udala delako lan baldintzak arautzeko gaitasuna duena, zerbitzua lizitatzeko orduan.
Hori dela eta, “hainbat bilera” egin dituzte LABeko kideek Udaleko ordezkariekin, “zerbitzuaren pleguak berritu baino lehenago”. Tokiko erakundetik helarazi diete badutela “zaintza sistema publikoaren alde urratsak emateko borondatea”.
Baina, salatu dutenez, Udala “prozesua moteltzen eta gelditzen” aritu da azken hilabeteetan. Zehazki, azken asteetan bilerak atzeratzen egotea leporatu diote sindikatuko kideek erakunde publikoari, eta nabarmendu dute “arduratuta” daudela horregatik, plegu berriak “publikatzear” daudelako.
Horregatik erabaki du sindikatuak auzia publiko egitea, “ardura politikoa ezinbestekoa delako eta Amurrioko biztanleek zaintza arreta zerbitzu duina jasotzea beharrezkoa dutelako”. Horri lotuta, LABeko kideek defendatu dute beharrezkoa dela langileen lan baldintzak langile publikoek dituztenekin parekatzea, “lan publikoa egiten dutelako”.
Publifikaziorako deia
Zaintzaren esparruari lotutako bi azpiegitura kudeatzen ditu Amurrioko Udalak: eguneko zentroa eta etxebizitza komunitarioa.
Azpiegitura tokiko erakundearena da bi kasuetan, baina enpresa pribatuek kudeatzen dituzte zerbitzuak. Gauzak hala, bi zerbitzu horien publifikazioa da Amurrioko Emakumeon* Sareak eginiko aldarrikapenetako bat, 2023ko azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraz geroztik.