Ama Desokupa eta beste desokupazio enpresa baten presioak jaso dituen familiak agerraldia egin du gaur 19:00etan Amurrioko Udaletxearen aurrean. SOS Aiaraldea plataformako kideek babestu dituzte euren adierazpenak eta bizitzen ari diren egoera bortitz eta arriskutsua azaldu dute.
Stefannyk, Andresek eta Juanak (horrela aurkeztu dituzte euren buruak) argitu dute abendutik bizi direla Amurrioko etxebizitza batean eta lau hilabeteko ume baten ardura dutela. Etxeari dagokioez, jadanik han errentan bizi zen pertsona bati alokatu zioten, eta nahiz eta eskatu duten, ez dute kontratua sinatzeko aukerarik izan.
Mehatxuak jaso dituen familiak alokairuan bizi zen pertsona bati alokatu zion etxebizitza eta, eskatu arren, ez dute kontratua sinatzeko aukerarik izan
Gauzak horrela, otsailetik bi desokupazio enpresen presioak jasan behar izan dituzte. Lehenengo enpresak (ez dakite bere izena) indarrezko etxegabetze batekin mehatxatu zituen eta, garai berean, bi aldiz geratu ziren elektrizitaterik gabe. Horrez gain, apirilaren 16an gas zerbitzua ere eten zen etxean "justifikazio tekniko eta legalik gabe". Azaldu dutenez, orduz geroztik daramate ur berorik gabe.
Ama Desokupa
Maiatzetik aurrera euren kontra jo duen enpresa, aldiz, Ama Desokupa izan da. Salatu dutenez, Granadako konpainiako kideen agerpenarekin batera, elektrizitatea erregulatzen duen gailua erreta agertu zen eta zerbitzu hori gabe geratu ziren berriro.
Gainera, hainbat mehatxu eta xantai egin dizkiete, besteak beste, familiak egindako asilo politiko eskaera bertan behera gera daitekela.
Heriotza mehatxuak gero
Agerraldian azaldu dutenez, Ama Desokupa ez da Amurriora itzuli maiatzaren amaieratik, baina familia mehatxu gehiago eta larriagoen biktima izan da. Salatu dutenaren arabera, ekainaren 3an ezezagun batek esan zien "ustezko talde kriminal baten" jo-puntuan zeudela eta hilabete bat zutela etxea husteko.
Desokupa enpresa maiatzean desagertu bazen ere, heriotza mehatxuak jaso dituzte "ustezko talde kriminal" baten partez.
Eskaera epe horretan betetzen ez bazuten, gaizkile antolatu horiek "desagerraraztea" edo min fisikoa egitea ez duela baztertzen jakinarazi zien pertsona horrek, agerraldian azaldu dutenez.
Salaketa polizian eta epaitegian
Familiak azaldu duenez, gertakari horiek Ertzaintzan zein Amurrioko epaitegian salatu dituzte, baina horrek ez du esan nahi beldur ez direnik, bereziki, zaintzen duten eta eurekin bizi den umearen osasunagatik.
Etxea uzteko gogoak, baina ezintasuna
Mehatxuak jaso dituen familiako kideek ziurtatu dute euren asmoa badela etxebizitza uztea, baina ezinezkoa zaiela beste toki bat alokatzea, merkatuaren egoera dela eta. Gainera, elkarrizketaren bitartez egoera konpontzeko prestutasun osoa agertu dute.
Udalaren esku hartzea eskatu dute
SOS Aiaraldea plataformak babestu du familiaren agerraldia eta bere irakurketa ere plazaratu nahi izan du. Izan ere, taldeak agerian utzi du sortutako gatazka etxebizitza negozio bilakatzearen emaitza dela. Hain zuzen, gogoratu dute duela hilabete gutxi salatu behar izan zutela beste familia baten etxegabetzea Amurrion.
Kasu horretan ez bezala, honi erantsi behar zaio etxebizitzaren merkatuan dagoen arrazismoa, zeinak familia ugari etxebizitza partekatzera eramaten dituen, SOS Aiaraldearen ustez.
Hori guztia aintzat hartuta, taldeak eskaera zehatz bat egin dio Udalari: "Larrialdiko etxebizitza bat gaitu dezala, familia horri larrialdiko bizitegi-alternatiba bat emateko, beranduegi izan baino lehen".
Hiru familia inplikatuta
SOS Aiaraldeak ohartarazi nahi izan du "jabe baten diru goseak" bi familien etorkizuna jarri dituela zalantzan, eta ez bakarrarena. Izan ere, mehatxuak jaso izan dituzten senideek beste familia bati alokatu zioten etxebizitza eta, azkenean, biek amaitu dezakete kale gorrian. "Adingabeak dituzte edo haurdun daude familia hauek", ohartarazi du SOS Aiaraldeak.
Marra gorriak
SOS Aiaraldeak marra gorri bat ere marraztu du eskualdeari dagokionez, eta aldarrikatu du ez duela onartuko ez ahalbidetiko desokupa enpresen presentzia, eta are gutxiago erailketekin mehatxatzen duten gaizkile taldeena.
"Azken aste hauetan muga batzuk gurutzatu dira gure eskualdean. Argi eta garbi esan nahi dugu: Desokupazio enpresa batek ere ez du lekurik eskualde honetan. Talde parapolizial faxistak dira, auzokoak beren etxeetatik legez kanpo botaz negozioa egiten dutenak. Eta beraz, aurrez aurre edukiko gaituzte beti, bai eurek, bai kontratatzen dituztenek", salatu du taldeak.
Bukatzeko, horrelako egoerak salatzen jarraitzeko deia luzatu diete bizilagun guztiei: "Asko hitz egin daiteke etxebizitzaren arazoaz, etxebizitza-parkea handitzeko beharraz, alokairuen igoeraren arrazoiez eta ondorioez... baina horren guztiaren atzean dagoena sinpleagoa da: langile-klase gehienak bere soldataren zati gero eta handiagoa erabili behar du etxebizitza ordaintzeko, beste batzuk horren kontura aberasten diren bitartean".