Erdigunera iritsi dira Udaletako zein Foru Aldundietako legealdiak. Hori dela eta, ekitaldia egin du Arabako EAJk gaur Amurrion, erakunde publikoetan orain arte eginiko lana goraipatu eta aurrera begira jartzeko.
Alderdi jeltzaleko ordezkari politiko zein instituzional ugari bertaratu dira Guk eskulturaren parera, eta hiru kidek hartu dute hitza bertan: Txerra Molinuevo, Jone Berriozabal eta Ramiro Gonzalez.
Amurrioko alkatea izan da lehena mikrofono aurrean jartzen. Legealdiko lehen bi urteetan herrian eginikoak nabarmendu ditu Molinuevok, eta enfasi berezia jarri du zaintza sistema hobetzeko burututako lanetan, Amurrion "pertsonak erdigunean" jartzen direla goraipatuz. Aitortu du neketsua izan daitekeela alkatearen funtzioa, baina ohore bat dela ere gaineratu du.
Kontrara, alkatea kritiko azaldu da EH Bilduren oposizioarekin, batzuetan "akordioak egiten" eta beste batzuetan "pankartan" daudela salatuta. "Politika ulertzeko bi modu ezberdin daude. Gurea ez da marketina, gurea konpromisoa da, lan egitea da", aldarrikatu du Molinuevok, nabarmenduta eurak "ondo egitea" nahiago dutela, "ondo geratzea" baino.
Legealdiko lehen bi urteetan herrian eginikoak nabarmendu ditu Molinuevok, eta enfasi berezia jarri du zaintza sistema hobetzeko burututako lanetan, Amurrion "pertsonak erdigunean" jartzen direla goraipatuz.
Ramiro Gonzalezek hartu du Molinuevoren lekukoa. Arabako Ahaldun Nagusiak hamar urte bete berri ditu kargu horretan, eta hamarkada honetan zehar eginikoak balioan jartzen hasi du bere hitzartzea.
"Historia" egin dutela nabarmendu du, orain arte ez delako alderdirik egon Arabako hiru foru hauteskunde jarraian irabazi dituenik. Denbora honetan lortutakoak ere aipatu ditu diputatuak, azpimarra berezia eginez alor sozialeko aferetan: "%40 handitu dugu gure lurraldean artatutako menpekotasuna duten pertsonen kopurua. 400 plaza sortu ditugu (eta 400 plaza asko dira) gure baliabide sozialetan. Duela hamar urte jende asko zegoen erantzunik ematen ez zizkien sistema baten menpe. Gaur egun baditugu erresidentzia plaza gehiago, baliabide sozial gehiago, etxez etxeko arreta gehiago, egunezko zentro gehiago... biderkatu egin dugu politika sozialekiko apustua. Zifra bakarra emango dut: urtean 170 milioi bideratzetik 270 milioi bideratzera pasa gara". Bide horretan jarraituko dutela ziurtatu du, "publikotik lan egiten, baina sektore pribatuarekin ere elkarlanean, denontzako".
Industria ere izan du hizpide Gonzalezek, eta aipamena egin dio Amurrion eraiki nahi duten ikus-entzunezko hub-ari, "aberastasuna eta enplegua" sortuko duela ziurtatuta. Aste honetan Vidralara egin duen bisita ere izan du hizpide: "75 milioi euroko inbertsioa egingo dute enplegu eta aberastasun gehiago sortzeko Aiaraldean, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin". Ildo horretan, hurrengo erronka "erabateko enplegua" izango dela aldarrikatu du.
AP-68 autobideko ordainsaria "erdira baino gutxiagora" jaitsiko dutela nabarmendu du Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak, "legealdi honetan bertan".
Trantzisio energetikoa ere izan du hizpide, eta puntu horretan aipamena egin die beste alderdi batzuek izandako jarrera aldaketari: "Badaude batzuk orain esaten dutenak energia berriztagarriak sustatu behar direla. Berandu datoz berriz ere. Guk hamar urte daramatzagu energia berdeak garatzen eta Araba deskarbonizatzen, hamar urte aurre egiten irainei, pankartei eta demagogiari, eta ez gara geldituko Araba %100 jasangarria lortu arte".
Saratxoko saihesbidea ere aipatu du Gonzalezek, hamar urte hauetako mugarri garrantzitsu bat izan dela nabarmenduta. Horri lotuta, AP-68 autobideko ordainsaria "erdia baino gutxiagora" merketuko dutela ziurtatu du, "legealdi honetan bertan".
"Industriaren etsaiak"
Jone Berriozabal izan da hitz egiten azkena. Araba Buru Batzarreko presidente berriak bere hitzartzearen zati handi bat baliatu du EAJko hautetsi eta militanteei eskerrak emateko, hamar urte hauetan eginiko lanagatik. “Amurrion egonik Txerra izan da zuon guztion izenean hitza hartu duena, baina zuetariko edonor izan zitekeen”, nabarmendu du.
Erakunde publiko guztiek eginiko lana ere goraipatu du, aipamen berezia eginez Osasun mahaian eginiko lanari, “akordio zabal bat lortu baita osasun profesionalekin euskal osasun sistemak dituen etorkizuneko erronken inguruan, nahiz eta EH Bilduk eta bere sindikatu-morroiek oztopatzeko saiakerak egin”.
Beste hainbat gai orokor ere jorratu ditu Berriozabalek, hala nola etxebizitzarako sarbidea edo lehen sektorearen egoera. Azken puntu horretan, elkartasun keinua helarazi die atzoko euriteengatik kaltetutako Arabako herriei.
"Lehengaien prezioa eta muga-zergak ez dira Aiaraldeko industriaren etsai bakarrak, badira baita ere absentismoa, demagogia eta neurrigabeko gatazka", nabarmendu du Jone Berriozabalek.
Industria ere aipatu du presidenteak, eta puntu horretan bai, aipamen zuzena egin dio Aiaraldeari: “Eskualde honetan ondo dakite. Lehengaien prezioa eta muga-zergak ez dira Aiaraldeko industriaren etsai bakarrak, badira baita ere absentismoa, demagogia eta neurrigabeko gatazka. Industria defendatzeko inbertsioa erakarri behar da, trantsizio energetikoari heldu, zorua erreserbatu eta lan gatazkak baztertu lehentasunezko aukera bakar moduan”.
Gai horretan sakonduz, Berriozabalek kritika zuzena egin dio Laudioko Udalari, Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriaren zirriborroan zoru industrialik erreserbatuta ez dagoela argudiatuta.
Ondorioz, Aiaraldearen “baikortasuna, harrotasuna eta bultzada ekonomikoa” EAJren eskutik berreskuratuko direla aldarrikatu du politikari jeltzaleak.