Ane Ramos Izaga kale patinatzaile amurrioarra palmaresa handitzen doa apurka-apurka. Bere azken lorpena Espainiako half-pipe txapelketa irabaztea izan da. Horretarako, lehenik eta behin, Euskadiko txapelketa eskuratu zuen eta uztailaren 12tik 14ra bitartean Lloret de Maren lehiatu zen.
Pasa den asteburuan finalaren bigarren zatia egon zen jokoan Platja d’Aron (Katalunia) eta bi saioetan izandako emaitzei esker, 14 urtetik azpiko kategoriako onena izendatu dute.
View this post on Instagram
Izagak azpimarratu du denboraldi aparta egin duela aurten eta Espainiako Txapelketa azken ukitua baino ez dela izan. Hain zuzen, Euskadiko Txapelketako street, bowl, park eta half-pipe diziplinetan gailendu zen eta Botxo-Contest nazioarteko txapelketan ere garaipena berea izan zen.
Garaikur horiekin guztiekin uzta bikaina izan du gazte amurrioarrak: "Urte honetan amaitutzat ematen dut nire denboraldia, baina entrenamenduak urte osoan jarraituko ditut, hobetzen jarraitzeko".