Amurrioko udal langileen bertsioa gezurtatu du Ixone Saratxaga zinegotziak, lan hitzarmena negoziatzeko mahaiaren egoerari dagokionez: "Mahaia ez dugu itxi, beti egon da zabalik. 2025ean bost batzar izan ditugu, eta 2024an zortzi".
Azken asteetan sindikatu bakoitzarekin (LAB, ELA eta ESAN) banaka bildu direla ere azaldu du Saratxagak, eta beste bilera bat hiru sindikatuekin elkarrekin.
Zinegotziak aitortu du soldaten igoerari garrantzia ematen diola Tokiko Gobernuak eta horregatik azken bost urteetan 1,5 milioi eurotan igo dituztela. "Diru asko da, eta batzuetan ahazten dugu diru publikoaz ari garela", adierazi du Saratxagak.
Laudioko Udaleko langileen soldatekin ere alderatu ditu Amurriokoak, altuagoak direla erakusteko: "Erdi mailako teknikari batek Amurrion 52.000€ kobratzen ditu urtean, eta Laudion 44.000€. Udaltzaingoek, adibidez, Laudion 42.000€ kobratzen dute eta Amurrion 45.000€".
Langileen eskari eta aldarriak
Hilabete hasieran salatu zuten langileek 300 egun igaroak zirela eskaera formala egin zutenetik lan hitzarmena negoziatzeko. LAB, ELA eta ESAN sindikatuek plazaratutako oharrean azaldu zuten, irailean deitutako bileran ez zela gaia landu. Hori dela eta, beste bilera baterako erregistro formala egin zuten.
Halaber, euskara-teknikariaren lanpostuaren ordezkapen prozesuan jasotako irregulartasunak medio Arartekora jo zuen komiteak. Erantzuna jasotzean, Udalak herritarren defendatzailearen gomendioei "bizkarra ematea" deitoratu zuen langileen ordezkaritzak.
Azken auzi horri dagokionez, Saratxagak Azalera magazinean adierazi du Udala "ez datorrela Arartekoaren gomendioekin bat". Aurretik, euskara teknikaria Hezkuntza eta Osasun Sailetan ere bazegoela azaldu du zinegotziak eta, langile hori Euskara Sailean baino ez egotea erabaki zutenean, hizkuntza bera menperatzeaz gain, euskara teknikariaren lanak ere ezagutzea bermatu nahi zuen Udalak: "Horregatik ez genuen Udalaren lan-poltsatik atera, baizik eta IVAPeko (Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko) poltsa batetik".