16 ordu Non Stop erronkaren eta Babio Igoeraren edizio berrien aurkezpen ekitaldia egin dute gaur Amurrioko Udaletxean. Amurrio Trail Taldeko kideekin batera Txerra Molinuevo alkateak, APAFAI elkarteko kideek, Ezina Ekinez Egina egitasmoko ordezkariek eta Montes Solidarios ekimeneko parte-hartzaileek ere hartu dute hitza.
Azpimarratzekoa da aurtengo hitzorduek zenbait berritasun izango dituztela. Hasteko, bilduko duten dirua APAFAI elkarteari emango diote. Talde horretako kideek eurek argitu dutenez, aurten sortu behar izan dute taldea autismoa duten Aiaraldeko herritarrei laguntza emateko, babesik gabe geratu baitira.
Hori ez da izango aldaketa bakarra. Amurrioko Olentzero berria ere bertaratuko da mendira eta edizio honetako nobedade gisa, elkarteek, negozioek edo enpresek 40 euroko kostua izango duen igoera babestu ahal izango dute, eta, nola ez, diru hori ere APAFAIri emango diote oso-osorik.
Horretarako, mezu elektroniko bat amurriotrail@gmail.com helbidera bidali edota 686 796 543 (Axier) eta 699 838 126 (María) telefonoetara deitu beharko dute.
Aurten ez dira kontrabandisten bidetik igaroko, baizik eta Mendeikatik, umeek ere egin dezaten ibilbidea.
Abenduaren 23an hasiko da
Ekimenak abenduaren 23an abiatuko da, 18:00etan, Juan Urrutia plazan, 16 ordu Non Stop erronkarekin. Orduro talde bat aterako da Babio mendi tontorrera eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da (10 euro) Euskal Mendizale Federazioaren webgunean (www.emf.eus), izen-abizenak, NAN zenbakia eta irteera-ordua adieraziz.
Ohi bezala, ibilbideak 5 kilometroko igoera eta 5 kilometroko jaitsiera ditu, 400 metroko desnibel positiboarekin. Hori bai, aurten ez dira kontrabandisten bidetik igaroko, baizik eta Mendeikatik, umeek ere egin dezaten ibilbidea.
Gailurrean, gau osoan zehar, hornidura txiki bat egongo da, ibilbidea behar bezala seinaleztatuta egongo da, eta nahitaezkoa izango da argi frontalak erabiltzea gaueko orduetan. Gainera, eguraldiaren araberako arropa eta oinetako egokiak erabiltzea gomendatzen dute. 20:00etatik aurrera musika izango da plazan eta herriko musikariek zuzeneko emanaldia egingo dute.
Babio Igoera hurrengo egunean
Abenduaren 24an, 10:00etan, 16 ordu Non Stop erronka amaituta, Babio Igoera hasiko da Juan Urrutiatik. Ibilaldi herrikoia da eta Mendi Solidarioak eta Ezina Ekinez Egina elkarteek ere parte hartuko dute. Bi erakundeek, irabazi-asmorik gabekoak izanik, mendiko jarduerak sustatzen dituzte aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, pertsona itsuen edo ikusmen urrikoen laguntzan espezializatutako gidariekin, baita mugikortasun murriztua duten pertsonentzat ere.
Igoera Babio tontorrean amaituko da, non aurten ere Olentzero egongo den. Ondoren, plazara itzuliko dira denak eta hamaiketakoa egongo da. Jardunaldiari amaiera emateko, hainbat elkartek emandako produktuen zozketa egingo da.