3.144 euro eskuratu dituzte APAFAI elkartearentzat Babio Igoera ekimenaren bitartez

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 13a

Amurrio Traileko kide bat mikrofonoa eskuan eta APAFAI elkarteko sortzaileetako bat abenduaren 23an. / Aiaraldea.eus

Amurrio Trailek antolatzen du ekimena eta gaur bertan azaldu du zenbateko kopurua bildu duen autismoaren esparruan lan egiten duen elkartearentzat.

Amurrio Trailek gaur bertan zabaldu du abenduaren 23an eta 24an egindako bi ekimenen bitartez (Babio 16 ordu Non Stop eta Babio Igoera) 3.144 euro jaso dituela APAFAI elkartearentzat.

Aiaraldean autismoa duten herritarrekin aritzen da APAFAI eta senideek osatzen dute, nagusiki. Iaz ikusi zituzten euren buruak horretara behartuak, APNABIren aldetik jasotzen zuten zerbitzua bertan behera geratu baitzen.  

APAFAIk, esan bezala, iaz abiatu zuen bere ibilbidea eta edozein zerbitzu abiatzeko, ezinbestekoa du finantzazioa. Berez, Amurrio Trailek urtero hautatzen du elkarte bat babes ekonomikoa bideratzeko, eta azken edizioan APAFAI laguntzea izan da kirol taldearen erabakia.

Duela bi urte, esaterako, 6.161 euro eskuratu zituzten Arabako Minbiziaren Kontrako Elkartearentzat, aurreko edizioan 6.075 euro eman zizkioten Euskal Herriko Down Sindromea Fundazioari eta 2021ean 7.218 euro izan ziren Adela EH elkartearentzat bildutakoak. Beste edizio batzuetan aurtengo zenbakietatik hurbilago geratu da bilketa. Adibidez, 2018an 4.536 euro izan ziren AEFATentzat eta 2019an 3.335 euro izan ziren, Bihotzez Elkarteari bideratu zituztenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide