Gaur bildu da berriro enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazio mahaia eta Tubos Reunidos enpresak, astelehenean egin bezala, proposatu die sindikatuei egin nahi dituen 301 kaleratzeen kalte-ordainak hobetzea. Aste hasieran bezala, langile ordezkariek baztertu dute proposamena baloratzea.
Izan ere, sindikatuek uste dute multinazionalak ez duela frogatu altzairutegia ixteko beharra edo logistika azpikontratatzeko premia. Horrez gain, gogoratu beharra dago, besteak beste, konpainiak beto eskubidea baliatu nahi duela irteera boluntarioen kasuetan.
Ondorioz, gaur ere ez da aurrerapausorik egon Tubos Reunidoseko etorkizun hurbila argitzeko. Gainera, negoziazioan gaizkiulertu bat gertatu da. Alegia, alde sozialak ulertu du zuzendaritzak Amurrioko lantegiko beste atal bat gehiago itxi nahi duela eta hori langileen artean zabaldu da.
Aiaraldea Komunikabideak Langile Batzordeko kide bati horri buruz galdetu dio eta azaldu du berriro itaundu diotela enpresako arduradunei. Horiek ukatu egin dute ijezketa atala kendu nahi dutenik.
Gaurko negoziazioa Euskalduna Jauregian izan da zuzendaritzak behartuta, eta beharginek hara eraman dute protesta. Bihar Bilbon elkartuko dira langileak 11:30ean, Tubos Reunidoseko bulegoen aurrean, hain zuzen.