Azken astea izugarri gorabeheratsua izan da Tubos Reunidoseko langile ordezkarien artean eta UGTko lantegiko kideek mezu argia zabaldu dute: Espedientea ez sinatzea erabaki zuten altzairutegia ixtea suposatzen zuelako, eta ez inolako presiorik jaso izanagatik.
Horrela adierazi zuten ostiralean bertan bere afiliatuen artean. Berez, plazaratutako dokumentuaren helburua ez zen hori, baizik eta azaltzea zergatik egin zioten uko enpresak proposatzen zuen akordioari.
UGTko ordezkariek aipatu zuten Tubos Reunidosek aurrera egin nahi zuela bai ala bai altzairutegiko itxierarekin eta logistikako kanporatzearekin eta ulertu zuten bere afiliazioa horren kontra zegoela.
Ostiralean zabaldutako komunikatuan, UGTko ordezkariek azaldu zieten afiliatuei zergatik ez zuten espedientea sinatu eta gezurtatu zuten erabakia mehatxuen ondorioa izatea.
Hala eta guztiz ere, dimisioa aurkezteko prestutasuna agertu du bere arduradun nagusiak, kideek txarto egin zuela uste badute.
Mehatxurik ez
Halaber, Amurrioko Tubos Reunidoseko UGTko atal sindikalak azken ñabardura bat egin zuen komunikatuan eta azpimarratu zuen bere hautuak ez zuela zerikusirik izan presioekin: "Zenbait hedabidek egin dituzten argitalpenei dagokionez, adierazita erabakia hartu dugula mehatxuengatik, gezurtatu behar dugu eta egin dituen iturriak, ardura har dezala bere gain".
Testuan zehazten ez den arren, Vocento taldea izan da azken egunetan gutxienez hiru artikulu plazaratu dituena hori jasoz. Ostiralean albiste gisa argitaratu zuten eta atzo Pablo Martinez Zarracina zutabegileak errepikatu zuen gaia. Gaur berriro eduki bera argitaratu du, nahiz eta UGTko komunikatua eskura izan, langile batek atzo sare sozialen bidez bidali baitzien.
EL CORREO, se os ha caido este comunicado oficial de UGT Amurrio...@aiaraldea @eldiarioes @naiz_info @AlertaIrratia @Radiollodio @radioeuskadi @euskadi_irratia @ESKsindikatua @ElSaltoDiario @halabedi @TRBorrokan @cazamosfakenews @ pic.twitter.com/KmSR4OhK3o
— Saitama (Tubos Reunidoseko Langilea) (@GorkaWolf) March 14, 2026
Modu askoz publikoan kritikatu du ELAk Vocento taldearen eta El Correo Españolen jarduera Tubos Reunidoseko gatazkan. Pello Igeregi, sindikatuko Negoziazio Kolektiboaren arduradunak, leporatu dio komunikazio taldeari multinazionalaren interesen alde egitea, Vocento taldeko jabeetako bat den Neguriko familia Tubos Reunidoseko akzioduna ere baita. Horrez gain, bestelako akusazioak ere egin zizkion Igeregik enpresari.