Tubos Reunidosek gauez aurkeztutako espedienteak 285 kaleratze eta altzairutegiaren itxiera aurreikusi ditu

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 24a

Tubos Reunidoseko langileen protesta. / Aiaraldea.eus

80 kaleratze behin-behineko kontratuak dituzten langileenak dira eta 205 boluntarioak. ESK sindikatuak oharra zabaldu du jadanik ziurtatzeko greba mugagabea abiatzeko arrazoiak altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kaporatzea zirela eta neurri horiek mantentzen direnez, ez dutela atzera egingo.

Tubos Reunidosek enplegua erregulatzeko espedientearen dokumentazioa eman dio bart Lan Ordezkaritzari eta lan gatazka sortu duten asmoak berretsi ditu. 285 kaleratze gauzatu ez ezik, altzairutegia itxi nahi du eta logistika atala kanporatu.

Dirudienez, kaleratzeen artean 80 behin-behineko kontratua dituzten beharginena izango dira: 70 Amurrion eta 10 Trapagaranen. Indarrezko irteera horiei beste 205 gehitu behar zaizkie, pizgarrien bitartez egingo direnak. Kaleratze boluntarioen artean 152 Amurriokoak dira eta 53 Trapagarangoak.

80 behin-behineko langileekin batera, Amurrioko 152 langile kaleratuko ditu enpresak

Zuzendaritzak aipatu omen du Meatzaldeko kaleratzeak uste baino gehiago izan direnez, hutsune horiek betetzeko lehentasuna izango dutela Sestaon lan egiten zuten beharginek, orain Amurrion lanpostua dutenek.

Kaleratzeen epeak

Berez, behin-behineko kontratuak dituzten langileek martxoaren 31n utziko dute enpresa eta pizgarrien bitartez lortutakoak, aldiz, 2027ko ekainera bitartean gauzatuko dituzte.

Grebarekin jarraitzeko asmoa

ESK sindikatuak jadanik oharra plazaratu du jakinarazteko greba mugagabeari eusteko borondatea duela. "Greba abiatzeko arrazoi nagusiak izan ziren altzairutegiaren itxiera, logistikaren kanporatzea eta enpresak proposatzen dituen neurriak ez dituela argudiatu, eta ez da ezer aldatu", adierazi du langile antolakundeak. Izan ere, langileen ordezkariek azpimarratu dute behin eta berriz "altzairutegirik gabe lantegiak ez duela etorkizunik".

Kaleratzeak gauzatzeko epea 2027ko ekainera arte luzatu du konpainiak. Izan ere, proposamen osoa gauzatzeko finantzazio berria beharko du

Dena airean

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak espedientea aurkeztu arren, gogoratu beharra dago bere proposamen osoa airean dagoela, finantzazioa behar baitu plana egikaritzeko. Aldagai ugari daude bitartekoak lortzeko, besteak beste, duen zorraren egituraketa eta mailegu berriak eskuratzea.

Horrez gain, Tubos Reunidosek berak aipatu zuen proposatutako kaleratze baldintzak beteko zituela espedientea ez bazen epaitegietara bideratzen, eta sindikatuek argitu beharko dute aukera hori baliatuko duten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide