Amurrioko Udalak ere fitxak mugitu ditu errolda sozialaren auzian. Neurri hori aplikatzeko proposamena helarazi die Aiaraldeko Kuadrillako gainontzeko udalei, “inguruko beste udalerri batzuetan ezartzea errazteko”.
Nabarmendu dutenez, urtebete daramate gaia lantzen Amurrioko Gizarte Zerbitzuen Sailean, “udal-erroldaren arloarekin koordinatuta, bizitegi-bazterketari lotutako kalteberatasun bereziko egoerei erantzuteko”.
Azaldu dutenez, errolda soziala “salbuespenezko baliabidea” da, “eta helbiderik ez duten pertsonak udalerrian erroldatzeko aukera ematen du, betiere Gizarte Zerbitzuek artatzen badituzte eta baldintza batzuk betetzen badituzte”.
Udalaren hitzetan, osatu duten proposamenak “irizpide argiak” ezartzen ditu, “eta sartzeko baldintzak nahiz tipifikatutako egoerak” definitzen ditu, “baita administrazio-prozedura eta beharrezko jarraipen teknikoa ere”.
Erantsi dutenez, udal helbide batean egingo dute erroldatzea, gizarte zerbitzuei lotutakoa, eta “esku-hartze plan pertsonalizatua” egongo da atzetik, pertsonaren “egoitza-egoera normalizatzera” bideratutakoa.
Txerra Molinuevok aldarrikatu du errolda ez dela “izapide administratibo bat” soilik, “oinarrizko eskubideak eskuratzeko atea” ere delako. “Amurriotik eredu hori partekatu nahi dugu, gure eskualdeko bizilagunak sistematik kanpo gera ez daitezen helbiderik ez izateagatik", azaldu du alkateak.
Laura Fernandez zinegotziak, bere aldetik, nabarmendu du “inklusio-prozesuak laguntzeko pentsatutako baliabidea” dela iradoki dutena, “ez etengabeko irtenbide gisa, baizik eta normalizaziorako urrats gisa".
Hainbat pieza mahai gainean
Errolda sozialaren gaiak soka luzea ekarri du dagoeneko eskualdera. Laudio, Aiara eta Artziniegako udalek martxoaren amaieran iragarri zuten protokolo proposamen bat helarazi ziotela Aiaraldeko Kuadrillari. Ondo Etorri elkarteak, bere aldetik, sinadura bilketa abiatu du neurri hori "berehala" aktibatzea eskatzeko eskualdeko udalerri guztiei.