Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak atzo aipatu zion Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari ez duela baztertzen hartzekodunen konkurtsoa deitzea. Iragarpena baino lehen, zenbait hedabidek antzeko informazioak zabaldu zituzten, nahiz eta Carlos Lopez de las Heras CEOak kontrakoa adierazi zien zenbait langile ordezkariri astelehen goizean.
Gauzak horrela, Amurrioko lantegiko ordezkari sindikal gehienek mugimendu horiei buruzko oharrak zabaldu dituzte. Lehenengoa ESK izan zen, zeinak leporatu zion zuzendaritzari konkurtsoaren mehatxua baliatzea presio mekanismo gisa.
LABek ere antzeko hausnarketa egin du eta egotzi die enpresako arduradunei euren kudeaketaren porrotaren zama langileen bizkarrean jartzea. "Hemen dagoen arazoa ez da greba mugagabea, baizik eta hainbat urteko kudeaketa okerra".
LABen iritziz konpainiako arduradunek ez dute bilerarik egin nahi beharginen ordezkariekin azalpenak ez emateko, eta ez argitzeko zer ari diren negoziatzen eta norekin.
UGT negoziazioaren alde
UGTk ere oharra osatu du azpimarratzeko egungo blokeo egoeratik ateratzeko ezinbestekoa dela multinazionalaren eta langileen ordezkarien arteko bilera, neurriak adosteko. Alegia, negoziaziorako prestutasun osoa adierazi dute.
UGTren iritziz, greba mugagabea ez da erantzun egokiena eta horrekin jarraitzea edo ez bozkatu behar dela ere iradoki dute.
CCOO grebaren kontra
CCOO, bere aldetik, grebaren kontra lerratu da. Aldarrikatu du horren inguruko bozketa egin behar dela eta ELA, LAB eta ESKri leporatu die langileen hitza bahitzea gehiengoa baliatuta. Sindikatuak uste du grebak ondorioak dituela eta ez direla positiboak.
ESK-k, bere aldetik, beste testu bat plazaratu du CCOOri erantzuteko, bere ustez, enpresaren argudioak baino ez dituzte errepikatzen eta jarrera antisindikala dute. Halaber, ESKren iritziz, ez da hartzekodunen konkurtsorik gertatuko, horrek enpresaren kontuak publiko egitea ekarriko luke eta. Sindikatuaren aburuz, zuzendaritzak ez du interesik horretan.
Zor publikoa ez ordaintzea
Tubos Reunidoseko CNTko sindikatuaren sekzioak -ez dute parte hartzen langile batzordeko hauteskundeetan- ere irakurketa partekatu du.
Langile erakundeak azaldu du, bere ustez, hartzekodunen konkurtsoaren aipamena soilik dela estrategia bat zor publikoa ez ordaintzeko, zordun pribatuekin ez bezala. Alegia, CNTn iritzi dute mugimendua aurreikusita zutela eta ez dela greba mugagabearen ondorioa.