Tubos Reunidos

"Soilik greba deitu dutenek utz dezakete greba bertan behera"

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 5a

None
"Soilik greba deitu dutenek  1 1777974045414
"Soilik greba deitu dutenek  2 1777974050165
"Soilik greba deitu dutenek  3 1777974054774
"Soilik greba deitu dutenek  4 1777974059430
"Soilik greba deitu dutenek  5 1777974064006
"Soilik greba deitu dutenek  6 1777974087606
"Soilik greba deitu dutenek  7 1777974092418
"Soilik greba deitu dutenek  8 1777974097263
"Soilik greba deitu dutenek  9 1777974101968
"Soilik greba deitu dutenek  10 1777974106724
"Soilik greba deitu dutenek  11 1777974194310
"Soilik greba deitu dutenek  12 1777974199944
"Soilik greba deitu dutenek  13 1777974204619
"Soilik greba deitu dutenek  14 1777974209109
"Soilik greba deitu dutenek  15 1777974213766
"Soilik greba deitu dutenek  16 1777974218307
"Soilik greba deitu dutenek  17 1777974222773

Hedabide andana agertu da Tubos Reunidoseko Langile Batzordearen gehiengoak gaur deitutako prentsaurrekoan. Sindikatuek azpimarratu dute grebalariengandik kendu behar dela arreta puntua eta zuzendaritzan jarri, are gehiago hartzekodunen konkurtsoak bere kudeaketaren porrota agerian utzi eta gero.

Gaur Tubos Reunidoseko bulegoen aurrean hedabide mordoa bildu da 10:00ak aldera. Izan ere, Enpresa Batzordearen gehiengoak (ELAk. LABek, ESK-k eta CNT-k) prentsaurrekoa deitu du, eta atzo konpainiak borondatezko hartzekodunen konkurtsoa abiatu eta gero, jakin-mina handia zen.

Edonola ere, greban buru-belarri sartuta dauden erakundeek ez dute diskurtsoa asko aldatu. Komunikabideen galderen aurrean, argitu dute maiatzaren 7an deitu duten bozketan ez dutela parte hartuko eta bilera ez dutenez deitu eurek, ez dutela aintzat hartuko: "Demokraziaren oinarria ez da bakarrik bozkatzea, funtsezko eskubideak ere badaude. Guk greba deitu dugu. Guztiok daukagu greban parte hartzeko edo lanera joateko eskubidea, baina borrokatu nahi ez dutenek, ez ditzaten gure konpromisoa eta eskubideak oztopatu".

"Demokrazia ez da bakarrik bozkatzea, oinarrizko eskubideak ere badira eta greba egitea horietako bat da"

Gainera, zalantzan jarri dute deialdiaren zilegitasuna: "Ez ditugu sinadurak ikusi eta enpresako zuzendaritzak eta batzarraren deitzaileek kopuru ezberdinak eman dituzte. Aurrekari arriskutsua da horrelako bozketa bat onartzea".

Bihar bilera zuzendaritzarekin

Sindikatuen bozeramaileek aurreratu dute bihar goizean bilera egingo dutela Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin eta horren zain daudela erabakiak hartzeko. Dena den, enpresa arduradunei exijitu diete benetako informazioa eramatea. "Duela gutxi elkartu ginen Carlos Lopez de las Heras CEOarekin eta esan zigun ez zegoela hartzekodunen konkurtsorik", gogoratu dute.

Bestalde, mesfidantza agertu dute bilerari dagokionez ere: "Enplegua Erregulatzeko Espedientea kudeatzeko Trapagaran eta Amurrioko lantegiak batu zituzten, baina bihar bilera bat egongo da Amurrion goizean eta beste bat Trapagaranen arratsaldean. Uste dugu argi dagoela langileak banatzen saiatzen ari direla".

Hain zuzen, maiatzaren 7ko galdeketa logika horren barruan sartu dute. "Batzarraren deitzaileak zuzendaritzatik gertu daude eta espedientea hasi zenean informazio okerra eman zieten langileei apropos", ziurtatu dute. Horrez gain, beste behargin batzuek nabarmendu dute deitzaileak Lan Hitzarmen Kolektibotik kanpoko kontratatuak direla.

Zuzendaritzari ardurak eskatu

Dena den, sindikatuek eraman duten mezu argiena izan da hedabideek eta erakundeek arreta mugitu behar dutela grebalarietatik zuzendaritzara: "Hartzekodunen Konkurtsoa abiatu izanak agerian utzi du euren kudeaketaren porrota. Altzairutegiaren itxiera ez zen irtenbidea eta proposatu zituzten kaleratzeak ordaintzeko dirurik eta asmorik ez zuten".

"Hartzekodunen konkurtsoa deitu izanak agerian utzi du zuzendaritzaren porrota finantzazioa lortzeko"

"Konkurtsoa ez du eragin ez grebak, ez espedientearen akordio ezak. Lehenago zetorren kaudimen gabezia egoerak eragin du eta enpresako zuzendaritza ez da gai izaten ari horri buelta emateko", aldarrikatu dute

Gardentasuna behingoz

Halaber, aldarrikatu dute gardentasuna behar dela prozesuan, are gehiago sartu diren egoera kritikoan: "Hemen badago kontatu ez den zerbait: Alde askoren interesak ez datoz bat. Hartzekodun batzuek zor guztia kobratu nahi dute, inbertitzaile posibleak daude, eta nahiago izan dezakete zor-karga gutxiagoko eszenatoki batean sartu. Hori guztia existitzen da eta gertatu da langileei informazioa ezkutatzen zitzaien bitartean".

"Inbertitzaile posibleak daude"

Sindikatuek negoziatzeko eta akordioak lortzeko prestutasuna adierazi dute, baina benetako partaidetza aldarrikatu dute.

Erakunde publikoen esku-hartzea

Azkenik, Langile Batzordeak mezua bidali die erakunde publikoei, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Beharginen erakundeek gogoratu dute enpresa barruan badaudela inbertitzaileak eta horie exijitu behar dietela dirua jartzea, ez SEPIri ezta kanpoan daudenei ere: "30 milioiko zorra genuen eta erabaki zuten 200 milioikoa sortzea, 170 milioi euro horiek euren artean banatuta. Erabaki horietan BBVAk parte hartu du eta dirua jaso du dibidenduen eta interesen bitartez. Orain akziodunen artean desagertzen ari da. Horiei exijitu behar zaie ardura eta erakunde publikoek egin behar dute, diru publikoa jaso baitu enpresak".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide