Tubos Reunidosen bihar egingo den batzarraren antolatzaileek iragarri diote Langile Batzordeari Trapagarango langileek ere parte hartuko dutela deialdian. Mezu elektroniko baten bitartez iragarri dietenez, Bizkaiko lantegiko beharginek ez dute bozkatuko, baina hitza hartuko dute bileran.
Gaur bertan heldu zaie komunikazioa sindikatuei eta langileekin partekatu dute informazioa, gaur zuzendaritzarekin izandako batzarraren ostean.
07:55ean elkartuko dira Iparraldean
Galdeketaren antolatzaileek gaur bertan jakinarazi dute sare sozialen bitartez lantegian sartzeko manifestazioa egingo dutela, Ertzaintzak lagunduta. 07:55ean elkartuko dira horretarako Iparraldeko tren geltokian eta "manifestazio lasaian" joango dira enpresaraino.
Piketean dauden langileek, euren aldetik, komunikatu bat plazaratu dute, nabarmenduz biharko deialdiaren antolatzaileak "zuzendaritzaren interesekin lotutako lau pertsona" direla eta deialdia "greba lehertzeko" helburu hutsarekin egin dutela. Horri lotuta, bereziki deitoratu dute Ertzaintzaren presentzia eskatu izana, greba hasi zenetik piketearen jarduna "baketsua eta eredugarria" izan dela nabarmenduta. Gauzak hala, borroka "kriminalizatzeko" saiakeratzat jo dute biharkoa.
Azalpenik ez eta kolpe bat mahaian emanda joan da zuzendaritza
Langile Batzordeak azaldu duenez, gaur Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin egindako bilerak "ez du ezertarako balio izan". Antza, sindikatuek egindako galderak ez dituzte erantzun bi arrazoirengatik.
Alde batetik, argudiatu dute administrazaile konkurtsalak hartuko dituela erabakiak eta eurek ez dutela jadanik ardurarik. Bestetik, prozesua eramaten ari den abokatuen eta Administrazio Kontseiluaren baimena behar dutelako erantzuteko.
Zehazki, Carlos Lopez de las Herasek aipatu du egindako galderak eramango dituela eta ahal duenari erantzungo diola. Hori bai, aurreratu du kaleratzeak biltzen zuen espedientea hartzekodunen konkurtsoaren barruan dagoela eta ezin dutela erretiratu.
Enplegua Erregulatzeko Espedientea ez dute kendu
Sindikatuek aurpegiratu diote zuzendaritzari Enplegua Erregulatzeko Espedientea ez dutela kendu hartzekodunen konkurtsora sartu baino lehen eta aukera hori zutela. Hori egin izan balute, negoziazio eta akordiorako tartea zegoela azpimarratu dute iturri sindikalek, baina uko egin diote.
Langile Batzordeak salatu du, halaber, ez dutela ulertzen zertarako etorri den eskualdera zuzendaritza, "ez baitute informaziorik eman eta, gainera, inbertitzaileen inguruan galdetu dietenean, Carlos Lopez de las Herasek kolpea eman du mahai gainean eta zuzendaritza osoa eraman du, bilera amaituta". Hori baino lehen, zuzendaritzako kideek grebak jarraitzea kritikatu dute.