Uztaila hasieran egingo dute Tubos Reunidoseko zuzendaritzak aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientea legezkoa den edo ez ebazteko epaiketa.
Hala jakinarazi du gaur Garbiñe Biurrunek Euskadi Irratian eginiko adierazpenetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Areto Sozialeko presidenteak azaldu duenez, hartzekodunen konkurtsotik kanpo egingo da epaiketa, eta bertan emango zaie erantzuna sindikatuek plazaratutako lau demandei.
Konfliktibitateari buruzko adierazpenak ere egin ditu epaileak. Berak ez du lan-gatazkak ugaritu direnaren sentsaziorik, "edo ez behintzat modu nabarmenean", baina bai aitortu du epaiketa gehiago daudela eta epaitegiak "gainezka" daudela.
Hala ere, bere iritziz, horrek esan nahi du geroz eta langile gehiagok dutela epaitegietara jotzeko kontzientzia. Biurrunek zehaztu du urte asko daramatzala konfliktibitatearen igoeraren eta horrek inbertsoreak uxatzean duen paperaren inguruko iruzkinak entzuten, baina ez duela ezer sumatu. Hala ere, gaineratu du ez duela ezta hori ukatzeko daturik.
Gogoratu beharra dago Biurrun izan zela Tubacexeko 2021eko Enplegua Erregulatzeko Espedientea nulutzat jo zuen epaileetako bat.
Balizko inbertsoreak
Bestalde, gaur Mikel Jauregi sailburuak iragarri du badaudela Tubos Reunidosen interesa duten inbertsoreak, baina oraindik ez dela eskaintza formalik egin. Bere iritziz, "fase berri bat" ireki da enpresaren etorkizunean, sindikatuek greba bertan behera utzi eta gero.