Astelehenean itzuli ziren lanera Tubos Reunidoseko langileak 96 eguneko greba eten eta gero. Edonola ere, azken asteotan grebalariek jasan duten presioa zentzugabea iruditzen ari zaie. "Mantenua ez da egokia izan, azpikontratei pasatzen utzi diegun arren, funtsezko segurtasun elementuak eta guzti falta dira (eskularruak barne). Mantenu falta bistakoa da komunetan etaguzti", salatu dute iturri sindikalek.
Mantenuan izandako gabeziaren ondorioz, zuzendaritza atal horretako langileak sakatzen ari da igandean lantegi osoa abian jartzeko.
Egoerak haserrea eta etsipena piztu du beharginengan. Alde batetik, jasandako presioa greba amaitzeko ez delako koherentea zuzendaritzak erakutsitako utzikeriarekin.
Bestetik, Trapagarango sindikatuek ere parte hartu dutelako aktiboki plan horretan. "Pasa den astean esaten zuten ezin zutela lan egin Amurrion ez genielako altzairuarekin hornitzen eta bat-batean, altzairu herdoilezineko 150 lingote agertu dira Trapagaranen hodiak produzitzeko. Horiek ez ditugu guk egin", aipatu diote grebalari aktiboak izan diren behargin batzuk Aiaraldea Komunikabideari.
"Guri inork ez digu komunikatu 26ko batzarra ez denik egingo eta 24 orduko lanuztea mantenduko dugu"
Ez dira horiek Trapagarango ordezkariek utzi dituzten adierazpen bakarrak. Hain zuzen, asteartean Eusko Jaurlaritzako Industria Batzordean egindako agerraldian ziurtatu zuten ez dutela behar Amurrioko altzairutegia hodiak egiteko. "Duela egun batzuk leporatzen ziguten bezeroak galduko zituztela gure erruz eta lanera itzuli bezain pronto, bat-batean, ez gaituzte behar", azpimarratu dute.
Zurrumurruak eta informaziorik ez
Horri gehitu behar zaio informazio argia ez dela zabaltzen ari eta iragazten dituzten albisteak kontraesankorrak direla, Aiaraldea Komunikabidearekin hitz egin dute langileen aburuz. Esaterako, Mikel Jauregi Industria Sailburua balizko inbertitzaileei buruz mintzatu zen, baina nabarmenduta ez zegoela eskaintza zehatzik.
Halaber, Vocento taldeak argitaratu du konpainia zatika saltzeko asmoa duela administrariak eta maiatzaren 26ko bilera langileen, zuzendaritzaren eta administrariaren artean bertan behera geratu dela. Sindikatuei ez zaie horrelakorik heldu: "Guri inork ez digu komunikatu 26ko batzarra ez denik egingo eta 24 orduko lanuztea mantenduko dugu".