Gaur goizean Tubos Reunidoseko sindikatuek eta administrari konkurtsalak bilera egin dute eta langile erakundeek mezu argia zabaldu dute hitz egindakoari buruz. Lehenik eta behin, iragarri dute bertan behera geratuko direla enplegua erregulatzeko espedientea, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea.
Halaber, administrariak adierazi du lantegiaren jarduerarekin jarraitzea nahi duela eta hori bideragarri egitea, baina azpimarratu du horretarako denbora eta inbertsore bat behar duela eta zenbait prozesu abiatuko dituela inbertsioak erakartzeko. Komunikazio gardenaren apustua ere egingo duela iragarri du.
Momentuz, kudeatzaile berriak ez du aurreikusi lanaldi murrizketak -behin-behinekoak edo behin betikoak- egikaritzea espedienteen bitartez eta lan hitzarmena indarrean dagoela ziurtatu du.
Gauzak horrela, sindikatuek eskatu diote berrikustea zer gertatuko den hartutako bi erabakiekin; aparteko lan orduena eta zerbitzu medikuarena.
Abuztura arteko soldatak
Iturri sindikalek ere argitu diote Aiaraldea Komunikabideari administrariak aipatu duela abuztura arteko soldatak ordaintzeko dirua badagoela.
Halaber, normaltasun osoz lan egitea da bere asmoa, soldatei aurre egiteko gaitasuna izateko eta zor gehiago ez eragiteko.
Gaur gaurkoz, inbertsorerik ez
Kudeatzaile berriak esan duenaren arabera, egun ez dago inbertsorerik eta asmoa da baten bat erakartzea eta horrekin SEPIren jarrera aldatzea, zorraren zati bat barkatzeko edo bestelako neurriak behartzeko bideragarritasunean eragiteko.
Bide batez, administrariak erantsi du ez duela intentziorik enpresa zatitzeko, eta lehentasuna dela atal guztiak mantentzea.
Epaiketa uztailaren 6an
Sindikatuek zabaldu dutenez, enpresak enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera utziz gero, eskatuko dute uztailaren 6an egin behar zen epaiketa, ate joka baitago.
Gainera, Langile Batzordeak aldarrikatu du enplegua erregulatzeko espedientea alboratzea -administrariaren erabakia izan omen da- langileen eta grebaren garaipena izan dela, baina ezin dela ukatu egoera oso delikatua dela.
Halaber, batzordeak bilera egingo du bihar gaur hitz egindakoak baloratzeko eta hurrengo urratsak erabakitzeko.