UGTk eta ELAk Megatech enpresako zuzendaritzarekin sinatutako aurreakordioa lan hitzarmen ofiziala bilakatzeko prozesuan dago jadanik, atzo horren inguruko bozketa egin ostean lantegian.
Beharginen gehiengoak babestu du sindikatuen proposamena. Zehazki, 144 langiletik 72k eman diote babesa, %56,25ak, hain zuzen.
Dena den, askok ere kontrako iritzia izan dute, 53 beharginek ezezkoa adierazi baitute; hau da, langileen kolektiboaren %41,41ak.
LABek sustatu du aurreakordioarekiko kontrakotasuna, zuzendaritzaren eskaintza nahikoa ez zela argudiatuta. Sindikatuaren ustez, bulegoetako langileen aldeko bozak (dozena bat) erabakigarriak izan dira.
144 langileren artean, soilik 16k ez dute parte hartu bozketan. Batek boza nulua eman du eta bik zuri bozkatu dute.
Bozketarekin amaitu da Megatech konpainiako beharginek abiatutako protesta. Berez, greba eguna egin zuten pasa den astean eta handik gutxira ELAk eta UGTk aurreakordioa sinatu zuten.