Tubos Reunidos

Tubos Reunidosek jarraitzen du titularrak ematen: Francisco Irazustaren gutuna, Sara Aagesen ministroaren adierazpenak edota balizko erosleak

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 8a

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazio baten irudia.

Amurrioko multinazionalaren auziak Espainiako Estatuko esparrura egin du salto, “Hirurok auziarekin” duen balizko harremana dela eta. 

Tubos Reunidosek jarraitzen du hedabideetan titularrak eragiten, bere bi ardatz nagusietan: “Hirurok auziarekin” duen balizko harremana batetik, eta hartzekodunen konkurtsoa bestetik. 

Lehen ardatz judizialari lotuta, Francisco Irazustak aste hasieran Entzutegi Nazionalera bidalitako gutuna dago. Hainbat hedabidek (Eldiario.es edota TVE, besteak beste) eman dute Tubos Reunidoseko presidente ohiak Santiago Pedraz epaileari helarazitako idazki horren berri. 

Bere aurkako akusazio guztiak ukatu ditu Tubos Reunidoseko presidente ohiak, Entzutegi Nazionalera bidalitako gutun batean. 

Dokumentu horretan, bere aurkako akusazio guztiak ukatu ditu Irazustak. Bere hitzetan, Tubos Reunidosek ez zion dirurik eman Vicente Fernandez Guerrerori SEPIren mailegua jasotzen laguntzeko. Horrez gain, multinazionaleko buru ohiak dio "Gabonetako zorion-agurrak" bidaltzera mugatu zela Fernandez Guerrerorekin zuen harremana, eta ez zuela berari buruz ezer gehiago jakin Tubos Reunidosek mailegua jaso eta lau hilabete igaro arte, orduan batu baitzen Fernandez aholkulari moduan enpresara. Era berean, aipatu du ez zekiela Fernandezen Mediaciones Martinez enpresak Hirurok taldearekin harremanik zuenik.

Kontuan hartu behar da Irazusta ez dela Tubos Reunidosi emandako maileguagatik “Hirurok auzian” inputatutako pertsona bakarra. Carlos Lopez de Las Heras ere dago auziperatuta, Amurrioko enpresako egungo CEOa. 

Sara Aagesen ministroaren adierazpenak

Bestetik, gaur Senatuan deklaratu du Sara Aagesenek, Espainiako hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak. PPk eskatuta hitz egin du, SEPIren kudeaketa ikertzen duen batzordean. Bertan, ministroak esan du ez zuela gobernuaren presiorik jaso Tubos Reunidosen erreskatea burutzeko, eta ziurtatu du bere ministerioak ez zuela multinazionalari emandako maileguaren aurkako txostenik plazaratu.

Balizko bi interesdun Tubos Reunidosen erosketan

Tubos Reunidoseko hartzekodunen lehiaketari dagokionez, Tubacex eta Sidenor erosketan interesa izan dezaketenaren hipotesia indartzen doa. María Ubarretxena sailburuak gaiari buruzko adierazpenak egin ditu Radio Vitorian eskainitako elkarrizketan. Eusko jaurlaritzako ordezkariak "oso positibotzat" jo du bi enpresa interesatuta egotea, baina ohartarazi du oraindik goiz dela eta "zuhur" jokatu behar dela. Izan ere, hainbat hilabeteko prozesua geratzen da oraindik aurretik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide