Tubos Reunidosen auziak titular ugari utzi ditu azken egun eta orduetan, bi esparru ezberdinetan banatuta.
Alde batetik, astelehen honetan zabaldu da Entzutegi Nazionaleko Pedraz epaileak Carlos Lopez de las Heras inputatu duela "Leire auzian", eta bere telefonoa klonatzeko baimena eman diola Guardia Zibilari. Berez, ekainaren hasieran zabaldu zen Tubos Reunidoseko egungo CEOa, aurreko presidentea eta Administrazio Kontseiluko kide bat ikertzen ari zirela, Santos Cerdan Espainiako Diputatu sozialista ohiaren eta Leire Diez alderdi sozialistako kidearen mesedeak ordaintzea leporatuta, SEPIk multinazionalari emandako 112,8 milioi euroko mailegua errazteko.
Bestetik, Amurrioko multinazionalaren hartzekodunen lehiaketaren afera dago. Aste hasieran egin zen publiko prozesu luze hori arautuko duen dokumentua. Gaur, aldiz, beste albiste bat atera da azalera. Antza, Tubacexek eta Jose Antonio Jainagak erakutsi dute dagoeneko konpainia erosteko interesa, hartzekodunen lehiaketan parte hartzeko lehen urratsa emanda. Iturria: El Correo egunkariak kontsultatutako "erabateko fidagarritasuna duten iturriak". Kontuan hartu behar da Vocento taldearen jabeetako bat BBVA dela, eta banku horrek pisu handia izan duela historikoki Tubos Reunidosen jabetzan.
Informazio horiek gorabehera, egia da honako hau ez litzatekeela izango Jainagak Tubos Reunidos erosteko interesa erakusten duen lehen aldia. 2020an fusio proposamen bat helarazi zien Sinedorren presidenteak Olarra, Tubacex eta Tubos Reunidosi. Sidenor bera ere antzeko fusio batetatik sortu zen, zeinetan Aceros de Llodiok parte hartu zuen, besteak beste.