Iritsi da eguna. Gaur itxiko da Tubos Reunidoseko hartzekodunen lehiaketako epe klabeenetako bat, multinazional amurrioarra erosteko eskaintzak aurkeztekoa, alegia. Berez, irailerako zegoen zehaztuta data hori, baina luzatzea erabaki zuten azkenean, "prozesuak eragin duen interes handiagatik", enpresak berak azaldutakoaren arabera.
Gauzak hala, gaur 14:00etan amaituko da eskaintzak aurkezteko epea, eta ordutik aurrera joango dira argitzen mahai gainean egon diren hainbat galdera: zenbat interesdun aurkeztu diren, zer lantegi erosteko asmoa izango luketen edota zenbat lanpostu mantentzea planteatuko luketen, besteak beste.
Bide horretan, hainbat informazio agertu dira azken asteetan hedabideetan, El Correo egunkarian, besteak beste, "negoziazioen berri duten iturriak" aipatuta. Kontuan hartu behar da komunikabide hori Vocento taldekoa dela, eta Ybarra familia dela talde mediatiko horren zein Tubos Reunidosen akziodun nagusi historikoetako bat. Gauzak hala, ez da harritzekoa informazio asko aurretik filtratzeko gaitasuna izatea.
Komunikabideetan azaldutako informazioen arabera, Jindal SAW multinazional indiarra batu da Tubos Reunidoseko balizko erosleen zerrendara. Enpresa erraldoi horrek 16 lantegi ditu munduan zehar barreiatuta, eta burdin zein altzairuzko hodiak ekoizten ditu.
Filtrazio horien arabera, Jindal SAW multinazional indiarra batu da Tubos Reunidoseko balizko erosleen zerrendara. Enpresa erraldoi horrek 16 lantegi ditu munduan zehar barreiatuta, eta burdin zein altzairuzko hodiak ekoizten ditu. Gauzak hala, hartzekodunen lehiaketara aurkeztutako enpresa indartsuena izango litzateke, kontuan hartuta Sidenor eta Tubacex ere prozesuaren hasieratik daudela parte hartzen.
Dena dela, ikusteke dago zein den interesdunetako bakoitzak gaur 14:00ak baino lehen aurkezten duen eskaintza formala. Izan ere, eskaintzak ez dira paper hutsean geratuko, lotesleak izango lirateke eroslearentzat, hautatutak izanez gero.
Hurrengo urratsak
Behin eskaintza guztiak aztertuta, lehen zerrenda bat osatuko du hartzekodunen lehiaketako kudeatzaileak, balizko bost erosleez osatuta egongo dena gehien jota. Hainbat irizpide hartuko dira kontuan hori osatzeko, eskaintzaren zenbatekoa eta enpleguarekiko zein lan baldintzekiko egiten den proposamena tartean.
Horrez gain, positiboki baloratuko da baita ere enpresan likidezia sartzeko asmoa izatea, diru zein materialen bidez (“bitarteko finantzaketa” deritzona, alegia).
Behin eskaintza guztiak aztertuta, lehen zerrenda bat osatuko du hartzekodunen lehiaketako kudeatzaileak, balizko bost erosleez osatuta egongo dena gehien jota.
Hautatutako bost interesdunek horiek aukera izango dute zuzendaritzarekin bildu eta galderak planteatzeko, hurrengo zazpi egun baliodunetan. Epe hori amaituta, beste hamar egun balioduneko epea izango dute azken eskaintza egiteko.
Azken eskaintza horretan derrigorrezkoa izango da lehen aipatutako bitarteko finantzaketa zehaztea. Horrez gain, enpresaren jarduna gutxienez 2 urtez mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Azken eskaintza egiten duten interesdunen artean bat aukeratuko dute lehiaketako kudeatzaileek, eta beste epealdi bat irekiko da orduan, bi hilabetekoa, luzagarria izango dena lehiaketaren intereserako beharrezkoa ikusten bada.
Denbora tarte horretan, nahibeste bilera egin ahalko dira Tubos Reunidoseko ordezkarien, sindikatuen, konkurtsoaren administratzailearen eta epaitegiko kideen artean. Bilera horietan balizko erosleak ere parte hartu ahalko du.
Araudian zehaztu denez, “ordezkaritza-eremu bakoitzaren autonomia errespetatuko da, lantoki bati berariaz eragiten dioten gaiak bere eremuan negozia daitezen, eta zeharkakoak direnak dagokion negoziazio-mahaian landu daitezen”.
Izan ere, balizko erosleek aukera izango dute baita Tubos Reunidosen fabrika bat erosteko eskaintza zehatzak egiteko, baldin eta negozio autonomo moduan funtzionatu ahal badu. Dena den, ahalik eta ekoizpen unitate gehien hartzea positiboki baloratuko da balizko erosleen hurrenkera osatzerako orduan.
Akordioa egotea nahitaezkoa izango da. Negoziazio epealdia bi hilabetekoa izan arren, balizko erosleak aukera izango du epe estuago bat ezartzeko, eta behin hori igarota eskaintza mahai gainetik kentzeko eskumena izango du, akordiorik lortu ez bada.
Kasu horretan, zerrendan bigarrena geratu den interesdunarengana joko litzateke, eta dinamika berdina jarraituko litzateke zerrendaren amaierara iritsi arte.
Modu horretan ebatziko da Amurrio zein Trapagako lantegien eta bertako ehunka langileen etorkizuna.