23 egun gehiago izango dituzte Tubos Reunidosen hartzekodunen konkurtsoan parte hartzen ari diren balizko erosleek eskaintzak aurkezteko. Hala erabaki du epaileak, epea irailaren 7tik 30era luzatuta. Egun horretako arratsaldeko ordubietara arte egongo da epea irekita.
Konkurtsoaren kronograma osoaren moldaketa ekarri du horrek. Multinazionalaren informazioa biltzen duen Data Room-era sarbidea ere luzatu dute, irailaren 30eko 23:59ak arte.
Enpresak jakinarazi du epearen luzapena "prozesuak eragin duen interes handiagatik" izan dela eta eskaintzak hobeto prestatzeko denbora izatea ahalbidetuko duela. Zuzendaritzaren hitzetan, prozesura aurkeztu diren balizko erosle gehienek eskatu dute epea luzatzea.
Zuzendaritzaren hitzetan, prozesura aurkeztu diren balizko erosle gehienek eskatu dute epea luzatzea.
Uztailean jakinarazi zen hamar enpresa industrialek adierazi zutela prozesuan parte hartzeko interesa. Tartean egongo lirateke Tubacex edota Jose Antonio Jainaga enpresaria, hedabideetan apur bat lehenago aurkeztutako informazioaren arabera.
Prozesu luzea oraindik aurretik
Egutegi berriarekin, irailaren 30a data garrantzitsua izango da Tubos Reunidoseko etorkizuna definitzen hasteko. Hala ere, orduan ere urrats ugari geratuko dira egiteke.
Aurkeztutako eskaintza guztiak aztertuta egingo dute lehen zerrenda, balizko bost erosleez osatuta egongo dena gehien jota. Hainbat irizpide hartuko dira kontuan hori osatzeko, eskaintzaren zenbatekoa eta enpleguarekiko zein lan baldintzekiko egiten den proposamena tartean.
Horrez gain, positiboki baloratuko da baita ere enpresan likidezia sartzeko asmoa izatea, diru zein materialen bidez (“bitarteko finantzaketa” deritzona, alegia).
Hautatutako bost interesdunek horiek aukera izango dute zuzendaritzarekin bildu eta galderak planteatzeko, hurrengo zazpi egun baliodunetan. Epe hori amaituta, beste hamar egun balioduneko epea izango dute azken eskaintza egiteko.
Azken eskaintza horretan derrigorrezkoa izango da lehen aipatutako bitarteko finantzaketa zehaztea. Horrez gain, enpresaren jarduna gutxienez 2 urtez mantentzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Irailaren 30eko data igarota, bizpahiru hilabeteko prozesua geratuko da oraindik aurretik balizko azken eskaintza formalizatu arte.
Azken eskaintza egiten duten interesdunen artean bat aukeratuko dute lehiaketako kudeatzaileek, eta beste epealdi bat irekiko da orduan, bi hilabetekoa, luzagarria izango dena lehiaketaren intereserako beharrezkoa ikusten bada.
Denbora tarte horretan, nahibeste bilera egin ahalko dira Tubos Reunidoseko ordezkarien, sindikatuen, konkurtsoaren administratzailearen eta epaitegiko kideen artean. Bilera horietan balizko erosleak ere parte hartu ahalko du.
Araudian zehaztu denez, “ordezkaritza-eremu bakoitzaren autonomia errespetatuko da, lantoki bati berariaz eragiten dioten gaiak bere eremuan negozia daitezen, eta zeharkakoak direnak dagokion negoziazio-mahaian landu daitezen”.
Izan ere, balizko erosleek aukera izango dute baita Tubos Reunidosen fabrika bat erosteko eskaintza zehatzak egiteko, baldin eta negozio autonomo moduan funtzionatu ahal badu. Dena den, ahalik eta ekoizpen unitate gehien hartzea positiboki baloratuko da balizko erosleen hurrenkera osatzerako orduan.
Akordioa egotea nahitaezkoa izango da. Negoziazio epealdia bi hilabetekoa izan arren, balizko erosleak aukera izango du epe estuago bat ezartzeko, eta behin hori igarota eskaintza mahai gainetik kentzeko eskumena izango du, akordiorik lortu ez bada.
Kasu horretan, zerrendan bigarrena geratu den interesdunarengana joko litzateke, eta dinamika berdina jarraituko litzateke zerrendaren amaierara iritsi arte.