Norten fabrika zegoen lurzorua erosi du Construcciones Ekinek. Pabilioiak egitea da eraikuntza enpresa horren asmoa. “Saldu ahala joango dira eraikitzen”, jakinarazi du Jabi Asurmendik.
Arakaldoko alkatearen esanetan, enpresarekin negoziatzen ari dira, eta udalak “bi marra gorri” jarri ditu: “Alde batetik, kamioiak zuzenean BI-625 errepidera irtetea nahi dugu, herritik pasatu gabe. Bestetik, Nerbioi ibaiko ertza lagatzea nahi dugu, berreskuratu eta pasealekua edo berdegunea egin eta bioaniztasuna bermatu ahal izateko”.
Duela bost urte itxi zuten Norten enpresa. Orduz geroztik hutsik egon dira fabrikaren eraikin guztiak, eta oso azkar birrindu dira, lapurreta asko pairatu dituztelako. Sute bat ere egon zen, iragan irailean.