Arakaldoko elizako teilatua konpondu dute, udalaren eta apezpikutzaren arteko tira-biren ostean

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 22a, 21:19
Elizako eta arkupeetako teilatua konpondu dute. / Aiaraldea.eus

Udalak salatu du egin diren lanak eraikinak behar dituenak baino gutxiago izan direla eta presio asko egin ostean abiatu direla.

Arakaldoko elizako teilatua konpondu du apezpikutzak, azpiegituraren mantenua eta segurtasuna ziurtatzeko. Baina prozesua ez da erraza izan. Udalak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, presio asko egin behar izan dute obrak abiatzeko.

Tokiko erakundearen arabera, apezpikutzak ez zuen eraikina berritzeko borondate askorik plazaratu gai hori lantzeko egin zituzten bileretan. Horregatik, eraikina publifikatzea proposatu zioten erakunde erlijiosoari. “Modu horretan, erabilera zibila eta erabilera erlijiosoa bermatuko lirateke”, azaldu du Jabi Asurmendi alkateak, “era honetan, udala arduratuko zen teilatuaren konponketaz, eta baita barnealdea txukuntzeaz ere”.

Baina azpezpikutzat “erabat” baztertu zuen aukera hori. Orduan, teilatua konpontzea exijitu zion udalak, egoera arrikutsuan zegoela eta konpondu ezean txarragora joango zela argudiatuta.

“15.000 euro baino ez dituzte inbertitu. Oso oinarrizko konponketak baino ez dituzte egin, ardura gainetik kentzeko”

Denbora asko igaro da ordutik hona; “urte eta piku”, alkatearen esanetan. Gauzak hala, elizak ezer egiten ez zuela ikusita, obra exekuzio agindua bidali zioten. “Hilabete bat eman genien obra lizentzia eskatzeko. Hori behin onartuta, beste hilabete bat zuten lanak hasteko eta 4 hilabete obrak amaitzeko”, azaldu du Asurmendik.

Behar dena baino gutxiago

Hala ere, egin duten obra ez da nahikoa, alkatearen aburuz. “15.000 euro baino ez dituzte inbertitu. Oso oinarrizko konponketak baino ez dituzte egin, ardura gainetik kentzeko”. Izan ere, Asurmendiren hitzetan, hasieran egin zitzuten bileretan 150.000-200.000 euro arteko lanak aurreikusten zituen apezpikutzak.

Gauzak hala, Asurmendik nabarmendu du apezpikutzak ez dituela lanak bere borondatez egin, udalak presionatuta baizik. “Izan ere, obra exekutatzen ez bazuten, isun aginduekin hasiko ginateke”.

Mendeetako historia

Elizaren sorrera hertsiki lotua dago Arakaldoren historiara. Udalerria Arrankudiagaren parte zenean sortu zen eraikina, zonaldean bizi ziren bizilagunek bide luzea egin behar zutelako Arrankudiagako herriguneraino, mezetara joateko.

1520. urtean "elizate burujabe" aldarrikatu zuten Arakaldo, Bizkaiko Jaurerriaren baimenik gabe. Horregatik, Arakaldori ez zioten ordezkaritzarik eman Gernikako Batzarretan, eta eskari guztiak Arrankudiagaren bitartez bideratu behar izan zituzten hurrengo mendeetan zehar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide