Dia-ko langileek deitutako grebak ez du jarraipen handirik izan eskualdean. Atxetako supermerkatuko 12-14 langileetatik bi soilik batu ziren atzo eginiko lanuzteetara. Bizkaiko zentroek egin zuten atzo greba, eta Gipuzkoakoen txanda izango da gaur.
Grebaren balorazio positiboa egin dute langileen ordezkariek. “Bizkaian atzo 10 supermerkatu inguru batu ziren lanuztera”, azaldu dute. Iazko azaroan ekin zioten Diako beharginek euren lan baldintzak hobetzeko mobilizazioak egiteari. Bi aldarrikapen nagusi dituzte: langile kopurua handitzea eta, modu horretan, lan-osasuna sustatzea.
Greba segida luzea
2018ko abenduaren 22 eta 29an egin zituzten lehen greba egunak. Apirilaren 13an izan zen hurrengoa, eta uztailaren 14an eta 15ean azkenak. Gauzak hala, atzo eta gaurko lanuzteekin jarraipena eman diote mobilizazio segidari.