Igandean egin zuen Arrankudiaga-Zolloko EH Bilduk ekitaldi politikoa. Herri programa eta udala kudeatzeko zerrenda aurkeztu zituzten, besteak beste.
Itziar Duoandikoetxea -egungo alkatea- izan zen hitza hartzen lehena: “Hemen naukazue, 3. aldiz zuen aurrean. 2011n zuei esker sartu ginen udaletxean. Gauza batzuk oso ondo egin ditugu, beste batzuk ez hain ondo; baina bikainak hirugarren lege agintaldirako utziko ditugu”. Udaletxe “freskoa” dutela azpimarratu zuen EH Bilduko alkateak, eta herriaren alde lan egiten jarraitu nahi dutela, “horretarako behar zaituztegu zuek, elkarrekin errazagoa baita. Alkaterik onena herria da, ez ahaztu”.
Garazi Abrisketa zinegotziak poesia eta musika baliatu zituen herritarrei emandako maitasun eta laguntza guztia eskertzeko. Joandakoak izan zituen gogoan: Anton del Rio, Jon Egia, Ana Mari Borde eta Ramon Arbide, besteak beste.
Txutxi Ariznabarreta zerrendaburuak hartu zuen hitza segidan. “Lehen agintaldian egon ziren zinegotzi Anton, Jon eta Ana Mari”. Joseba Martinen ekarpena herrigintzan ere nabarmendu zituen Ariznabarretak: “Joseba ezinbesteko horietako bat zen, bizitza osoa eman du borrokan. Ezin dut ahaztu bere anaia Txus Martin ere, preso dute, gaixotasun larria badu ere”. EH Bilduren proiektua azaldu zuen segidan: “Hau ez da hemen amaitzen. Oso egoera onean gaude proiektu handiak egiteko, aurreko 8 urteetan egindako lanari esker”. Programan bildu dituzte erronka nagusiak: “Guk ez dugu ezinezkorik prometitzen. Hor daude bete nahi ditugun apustuak, eta argi esaten dizuet hitza beteko dugula, berbako jendea gara”.
URAri dagokionez, etxe guztietan kalitatezko ura izango dutela adierazi zuen Ariznabarretak. Osinburu egoitza eraikitzeak, berriz, elkarbizitzarako espazio berria izaten lagunduko du: “Dena dago prest martxan jartzeko. Ingurua bera ere aldatuko du. Belaunaldien arteko harremanetarako balioko du, kultur ekintzak jasotzeko areto handi bat edukiko du, bilerak eta bestelakoak antolatzeko tokia, gimnasioa, gazteek ikasteko gunea... azpiegitura anbiziokoa izango da, dirua kostatuko du baina salto bat izango da Arrankudiagarentzat, garai berrietarako jauzia”. Etxebizitza ere sakon landu nahi dute, argiteri publikoa hobetzea, Iberlandako arazoak konpontzea, errepide eta garbiketetarako mantenu plan zehatza garatzea... “Herritarrak erdian jarri nahi ditugu. Beste eskola askoren eskola dugu, altxor hori zaintzea gakoa da, eta elkarlanean jarraituko dugu”.
Euskara ere izan zuen hizpide, “udalaren lan eta zerbitzu hizkuntza izango da, euskaradunak ez direnei ere zerbitzu guztiak bermatuko zaizkie, jakina”. Erronka, baina, euskararen erabilera ugaritzea izango da, “Belarriprest eta Ahobizi, denon artean euskaraz bizi!”. Punta-puntako udal administrazioa lortzeko apustua egingo du EH Bilduk, “badugu horretarako gaitasuna eta datozen lau urteetan salto hori eman behar dugu, nik udal langileengan konfidantza osoa dut, eta lortuko dugu”.