Bakiolako industriagunea zaharkitua geratu dela iritzita, eraberritzeko lehen pausoa iragarri du udalak: mapeoa egingo dute.
Txutxi Ariznabarreta alkatearen hitzetan, "zer dagoen ezagutzea" izango dute helburu. Hala, pabiloi kopurua eta euren aktibitateari buruzko informazioa bilduko dute lehen fasean, "jarduera eta enpresa bakoitzaren dimentsioa jakin nahi dugu eremua hobetzeko". Datuak gaurkotuta, "erradiografia osoa" izatea espero dute, ekintza plana zehazte aldera.
"Udalaren asmoa da elkarlana sakontzea Bakiolako industriagunearekin", erantsi du gobernuburuak, "etorkizunari begira utzikeria itxura gainditu eta eremu erakargarri izatea nahi dugu".
Horretarako enpresen zuzendaritzekin bildu dira, egitasmoa adostu eta gauzatzeko asmoz. Epeen inguruan galdetuta, lehen hiruhilekoan amaituko dute azterketa, Ariznabarretak adierazi duenez: "Industriaguneko pabilioi guztiak beteta eta aktibitate ezberdinekin egon daitezke. Bakiolak irudi garbiketa bat behar du eta udala prest dago elkarlanean arituz laguntzeko".
Azaroa amaieran Mecet enpresak iragarri zuen Arrankudiagako industriagunean duen pabilioia utziko duela, Laudioko Vicalde fabrika zegoen tokira mugitzeko.