Orain arte, Martxoaren 8an Ugao edo Bilbora jotzeko ohitura zuten Arrankudiaga-Zolloko emakumeek, baina aurten udalerrian geratzeko apustua egin dute. 17:30ean bildu dira eskolaren aurreko plazan, ginkana feministan parte hartzeko. Ondoren, dozenaka lagun bildu dira mobilizazioan. Plazatik atera eta errepiderantz jo dute, hasiera puntura itzultzeko berriz. Bukatzeko, mokadua izan dute Gizarte etxean.
Arrankudiaga-Zollon lagun ugari bildu dira mobilizazioan #M8Aiaraldea pic.twitter.com/bY3yNIyjSR
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 8, 2023
Ekintza gehiago
Arrankudiaga eta Zolloko Emakumeen Sareak antolatu du gaurko ekimena, eta beste zenbait jarduera ere prestatu ditu datozen egunetarako. Ostiralean -martxoak 10- Ane Cuesta Mongeren Asko falta da? filma laburra proiektatuko dute Udaltalden, 20:30ean, Arrankudiaga-Zolloko zinemagilearen parte hartzearekin. Ondoren, mahaingurua eskainiko dute, emakumeentzat bakarrik.
Martxoaren 19an, aldiz, biodantza feminista egongo da Gizarte Etxean, 11:30etatik 13:30etara. Bertan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, toki berean.